Aurten ere koplak entzun dira Legazpiko kaleetan Santa Ageda bezperan
Santikutz Abesbatzak ohiko erronda egin zuen atzo iluntzean herriko kaleetan eta auzoetan zehar.
Santa Ageda bezpera ospatu da aurten ere Legazpin, eta atzo arratsaldean ohiko koplak abestuz erronda egin zuen Santikutz abesbatzak herriko kaleetan eta auzoetan. 19:00etan abiatu ziren kantariak Euskal Herria plazatik, baserritarrez jantzita eta argi kandelak eskuetan zituztela. Makilak ere ez zituzten falta koplak laguntzeko. Erdigunean abestu eta gero, Laubide aldera abiatu ziren, ibilbidean Bikuña-enea plazan, Domingo Agirre plazan eta Juanastegin geldialdiak eginez. Erronda Santikutz kaleko 20,22 eta 24ko atzealdeko plazan amaitu zuten.