Urola Garaia Mankomunitatea eratzeko batzarra mozioaren eraginez deitu dutela dio EH Bilduk
Otsailaren 19an egingo da bilera. EH Bilduren mozioak batzarra lehen baitlehen deitzeko eskatzen zuen, Mankomunitatearen eraketa asko atzeratzen ari zelako.
EH Bilduk mozio bat erregistratu zuen Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletan urtarrilaren 12an, Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariari eskatuz Mankomunitatea eratzeko Batzarra deitzeko eta, aldi berean, horren eraketaren atzerapenaren inguruko azalpenak emateko. EH Bilduk jakinarazi duenez, “Mozioak eragindako presiori esker” urtarrilaren 31n egin du deialdia Mankomunitateko lehendakariak. Batzarra otsailaren 19an egingo da.
Deialdia eginda ere, mozioa Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalbatzetan aztertu zen, joan den astean. Legazpin aho batez onartu zen urtarrilaren 31ko udalbatzan, EH Bilduren, EAJ-ren, PSEren eta Legazpiko Berdeak + Independenteen aldeko botoekin, eta “Legazpiko udalbatza ados agertu zen, jarduneko lehendakaria den Jon Luquiri Mankomunitateko eraketa batzarra atzeratzearen arrazoiak azaltzeko eskatzeko”. Urretxun eta Zumarragan, berriz, mozioa otsailaren 1eko udalbatzetan aztertu zuen, eta ez batean ez bestean ez zuen aurrera egin, EAJ-k eta PSEk aurka bozkatu zutelako.
Legazpiko EH Bilduk azaldu duenez, behin Mankomunitatea osatutakoan “espero dugu aurrekoa baina legealdi emankorragoa izatea, EAJ eta Alderdi Sozialistaren arteko harreman txarrek erabat baldintzatu zutelako exekutibaren jarduna”. EH Bilduk “arduraz” jokatzen jarraituko du, “jarrera eraikitzailearekin eta lankidetzarako asmo irmoarekin”.