Gazte bat atxilotu dute Beasainen haur pornografia partekatzea egotzita
Joan den asteazkenean atxilotu zuten 23 urteko gaztea, epaileak poliziari gaztearen etxebizitzan sartzeko baimena eman ondoren. "Oso gogorrak" diren bideoak edukitzea eta partekatzea egozten diote.
Espainiako Poliziak gazte bat atxilotu zuen joan den asteazkenean Beasainen, “oso gogorrak” diren haur-pornografiako bideoak edukitzea eta Internet bidez partekatzea egotzita. Bideo horietan, adingabeak agertzen dira, “heldu batekin sexu-jarduerak egiten”.
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Madrilgo Ziberdelinkuentzia Unitateko Adingabeak Babesteko Taldeko agenteek Gipuzkoako etxebizitza batetik “gogortasun handiko artxibo pedofiloak deskargatzen eta partekatzen ari zirela” ikusi zutenean hasi zen pertsona horren inguruko ikerketa.
Kasuaren ardura zuten agenteek erabiltzaile horren Interneteko zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioa aztertu zuten. Ondorioz, susmagarriaren Beasaingo etxebizitza geolokalizatu eta zerbitzuaren titularra identifikatu zuten.
Hala, joan den asteazkenean epaileak poliziari gaztearen etxebizitzan sartzeko baimena eman zion, eta 23 urteko gaztea une horretan atxilotu zuten.
Etxea miatu ondoren, aurkitu zituzten terminal informatikoak etxebizitzan bertan aztertu zituzten, eta agenteek egiaztatu zuten gazteak “artxibo pedofilo ugari zituela atzeman zuten sakelako telefono batean”.
Donostiako Komisariara eraman ondoren, Tolosako Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zuten gaztea, eta auzia ikertzen ari dira.