«Probokazio puntu hori gustatzen zait, arreta deitzeko»
Pedro Gaztañaga artista ordiziarraren 'Punctum' erakusketa ostiralera arte dago ikusgai, Barrena Jauregiko erakusketa aretoan. Azalpen-solasaldia eskainiko du bihar, 18:00etan, Hitzarok antolatuta, aretoan bertan.
Zer da Punctum?
Punctum-a da irudi bat ikusten duzunean eta ezin duzunean azaldu baina zerbaitegatik erakarrita sentitzen zarenean, irudi bat berezia egiten zaizunean. Askotan detaileak izaten dira, izan daiteke pintzelkada bat, izan daiteke begirada bat edo beste detaileren bat.
Erretratuak landu dituzu. Aretora sartzean koloreak eta probokazioa nabarmentzen dira.
Nire ideia zen erretratuak egitea. Ez neukan pentsatuta nola izango zen. Formatu handiagoa erabiltzea zen ideia, nolakoak geratuko ziren jakin gabe. Kolorea erabili nahi nuela banekien, baina amaiera ez nekien. Inprobisazioa edo esperimentazioa izan zen. Probokazio puntu hori gustatzen zait, atentzioa deitzeko. Gai aldetik izan daiteke, edo biluziak, edo ezagunak direlako, keinu bereziagoak…
Aspaldi landutako erretratuak dira?
Gehienak 2021ean amaitutakoak dira, eta beste batzuk 2022an. Konfinamenduaren aurretik hasi nituen. Ideia zen erakusketa berri bat prestatzea, data zehatzik gabe. Konfinamendu garaian aurreratu nituen.
Pertsona famatuak (Maxim Huerta, Blanca Cuesta…) eta zure inguruko pertsonak ageri dira koadroetan.
Batzuk ezagunak dira, beste batzuk nire lagunak dira, eta bi horien nahasketa egin nahi nuen. Ezagunak diren horiekin ere kontaktua lortu nuen margotu ahal izateko, eta hori ere erronka bat izan zen.
Nola kontaktatu zenuen?
Batzuetan aprobetxatzen dut nik jarraitzen ditudalako edo haiek jarraitzen nautelako. Koadro bat gustatzen zaiela aipatzen badute, hori erabiltzen dut tira egiteko. Hortik kontaktua indartzen joan eta beraiek ere koadroaren proposamen horretan parte hartu nahi izatea gustatzen zait.
Eszenatoki edo testuinguru ezberdinetan kokatzen dituzu.
Haiekin erlazionatutako eszenatoki hori pixka bat fantasiosoagoa izatea gustatzen zait, kolore aldetik edo ingurune aldetik, argi-ilunekin jokatzea…
Batzuetan mihisea erabili duzu, beste batzuetan egurra.
Pintzelkada ez da beti berdina, margotzerakoan ere keinua ezberdina da batean eta bestean, eta emaitza ere pixka bat ezberdina da. Ez dago alde gehiegirik, baina egurraren gainean margotzean detaileak gehixeago lantzea ahalbidetzen dizu, eta mihisean ez da hain zehatza gelditzen detailea.
Jende dezente inguratu da erakusketara eta gustukoa izan da. Bihar, solasaldia duzu.
Batzuk gerturatu zaizkit gustatu zaiela esanez, beste batzuek espero ez zutela. Alde horretatik kontentu nago. Aurrekoan Garagunekoekin izan ginen azalpen-solasaldia egiten eta bihar Hitzarok antolatuta egingo dugu, sortzen doan eran. Azalpenak eman eta dauden galderak erantzungo ditut.
Beste erakusketarik baduzu epe laburrean?
Erretratu bilduma hau mugitu dut (Andoaingo Basteron, Zarauzko Torre Luzean, Zumarragako Zelai Ariztin…). Donostiara eraman nahi dut, ireki berri duten galeria batera, baina ni jada hurrengoekin pentsatzen ari naiz, buruari eragiten. Erretratuak izango dira, eta asmoa da formatu handikoak izatea.