Segurako Udalak 2,5 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du
Aurrekontuak EH Bilduren aldeko sei botorekin onartu dituzte. Inbertsioei dagokienean, Oxiña igerilekua konpontzen hasiko dira. Gastu arruntak gora egin du.
Segurako Udalak 2.593.000 euroko aurrekontua izango du 2024an. Hala onartu zuten pasa den urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko sei botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Izarra Urdalleta Segurako alkateak aurreratu duenez, «anbizio handiko aurrekontuak» dira.
Aurrekontua bere osotasunean hartuta, «udalak dituen gastu finkoek eramango dute pusketa handiena», aurten ere. Pertsonal gastuak 630.000 eurokoak izango dira. Gora egin du pasa den urtekoarekin alderatuta, «batez ere langileen soldata igoerak» eraginda. Gastu estrukturalek ere gora egin dute, azken urteetako joerari eutsiz.
Gainontzean, ohiko gizarte gastuetara bideratutako diru partida mantendu egingo da. Atal honetan azpimarratzekoen artean, pertsonak ardatz hartuko dituen hiru prozesu azpimarratu ditu Urdalletak. Batetik, iaz jatorri anitzeko emakumeekin hasitako proiektuari jarraipena emango diote. Bestetik, Atseden jubilatu elkarteko kideekin elkarlanean lanketa bat egingo dute. Eta amaitzeko, herriko haur eta gazteei zuzendutako hezkidetza programarekin jarraituko dute.
Eraldaketa prozesuak diren heinean, «epe luzerako proiektuak» direla azaldu du Urdalletak: «Emaitzak aurrerago ikusiko dira, ez dira berehalakoan ikusiko. Orain oinarri bat zehaztea da helburua», gehitu du.
Oxiña berritzeko lanak
Inbertsioen atalari dagokionean, hainbat proiektu dituzte aurreikusita aurten. Handiena Lardizabal jauregiko obra izango da. 500.000 euro daude aurreikusita lan hauetarako —Next Generation funtsak finantzatuta—. Lanak atzeratzen ari dira, baina, azkenean, aurten hasiko direla baieztatu du alkateak.
Obra garrantzitsuen artean, Oxiña igerilekua berritzekoa dago. Bi urterako proiektua da, eta aurten igerilekuaren putzua berritzea aurreikusita da. Lan hauetarako 286.000 euro daude gordeta.
Bi baserri bide ere konponduko dituzte (50.000 euro); frontoiko argiteria led sistemara aldatuko da eta gimnasiorako material berria erosiko da (12.000 euro); eta beheko eskoletako patioa ere txukunduko dute (10.000 euro).
Datozen urteetan exekutatuko diren beste hainbat proiekturen azterlanak idazteko ere partida bat aurreikusi dute. Anbulatorioa energia eta argiteria kanon berrietara egokitzeko proiektua idatzita dago. Gainontzean, eguneroko mantenu lan eta materialetarako 60.000 euro daude aurreikusita, «adibidez, kaleko argiteria konpontzeko». Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra —HAPO— berritzeko, beste, 40.000 euro. Udazkenean hasiko dira proiektua berridazten eta gutxienez, «hiru urte» luzatuko dela aurreratu du alkateak.
Amaitzeko, herriko elkarteentzako diru laguntzen partida mantendu egin dute: 42.000 euro; eta herriko jai eta urtean zehar egingo diren askotariko ekintzetarako ia 100.000 euro bideratuko dira, «San Joan jaiak edo Euskal Herriko dantza suelto txapelketa, barne».