Adinekoak eta haurrak paseoan elkartu dira bigarrenez, Ormaiztegin
Belaunaldi arteko bigarren paseoa egin dute. 58 bat pertsona bildu dira elkarrekin ordu bete partekatzeko. Bihar arratsaldean eskolan egingo duten inauterietako festan elkartuko dira berriz.
Behe-laino artean ekin diote gaur goizean belaunaldi arteko bigarren Ttipi-ttapa saioari Ormaiztegin. Udaletxe azpian elkartu ziren adinekoen artean, ilusioa nabaria zen, San Andres herri eskolako ikasleen zain zeuden bitartean. Rosarito Berasategi Ttipi-ttapa paseo osasuntsuen arduradunak zioenez «bizia» ematen diete haurrek aiton-amonei. Ordu bete inguruko paseoa egin zuten elkarrekin, eta amaieran hamaiketakoa elkarbanatu zuten.
Orain «lauzpabost urte» hasi zituzten paseo osasuntsuak Ormaiztegin. Adineko pertsonak elkartzea dute helburu, baina batez ere, «etxean bakarrik dauden horientzat kalera ateratzeko aitzakia» bat izatea nahi dute. «Eguneroko kontuak kontatzen dizkiogu elkarri. Sarri, gehiegi gustatzen ez zaigun arren, gaixotasunez ere aritzen gara», dio Berasategik.
Etxean bakarrik dauden adinekoak identifikatuta dituzte Ormaiztegin eta beraiengana gerturatzen saiatzen dira mota honetako ekintzen bitartez. Beti ez da erraza izaten ordea, «batzuk laguntza onartzen dute, baina beste batzuk ez. Hori errespetatu beharra dago», kontatu dute. Batez beste, 20 bat lagun elkartzen dira asteazkenero —atzo 22 heldu—. Ez dute hutsik egiten, «elurrarekin ere irten izan gara», diote.
Hilean behin, elkarrekin
Belaunaldien arteko harremanak sendotzeko helburuarekin San Andres herri eskolako ikasleak ere hasi dira paseo hauetan parte hartzen. Atzokoa, mota honetako bigarrena izan zen eta hilean behin elkartzen jarraitzea dute, oraingoz, asmoa.
Lehen Hezkuntzako 1. zikloko 36 haur irten dira gaur paseoan. Ekimen honetan parte hartzea, «eskolako komunitatea herrira zabaltzeko» modu bat dela aipatu zuen Aitziber Etxeberriak, San Andres herri eskolako irakasleak.
Areago, adinekoekin esperientziak konpartitzea haurrentzat onuragarria dela uste du Etxeberriak, «esperientzia gehiago duten pertsonekin hitz egitea aberasgarria da beraientzat». Harremanak paseoez haratago joan dira eta kalean ere elkar agurtzeko bidea ireki dute. Adinekoak, gaur arratsaldean eskolan egingo duten inauteri festara gonbidatu dituzte.