Amateurren eta harrobiko 21 proba izango dira Goierriko errepideetan
Bailarako lehenengo txirrindularitza lasterketa martxoaren 2an jokatuko da Beasainen. Juniorren egutegia da oparoena; afizionatuenak mehetzen segitzen du, bederatzi karrerarekin.
Emakumeek bi lasterketa soilik izango dituzte Goierrin, bata Beasainen eta bestea Ordizian –irudian, iaz–.Aimar Maiz Errepideko txirrindularitzaren denboraldia Goierriko bideetan martxoaren 2an hasiko da, Beasainen jokatuko den kadete mailako 52.Usurbe Probarekin (39,7km). Gipuzkoan, aitzitik, otsailaren 24an ekingo diote, afizionatuen Euskaldun txapelketarako baliagarri den Zumaiako probarekin. Emakumeek eta juniorrek otsailaren 25ean hasiko dute urtea.
Goierrin aurten 21 lasterketa antolatuko dituzte, harrobi eta amateur mailetakoak. Afizionatuen bederatzi proba jokatuko dira eskualdean (mutilenak zazpi eta neskenak bi). Gizonetan, Gipuzkoako 21etatik zazpi (%33,3); juniorren zortzi (denera 37, %21,6 Goierrin), kadeteen lau (29tik %13,8), eta emakumeen bi (zortzitik %25) daude Gipuzkoako Federazioaren behin-behineko egutegian.
Gehien, Beasainen
Azken urteetako joerari segituta, amateurren egutegia mehetzen ari da Goierrin. Goierri Garaian, esate baterako, Legazpiko Santikutz Klasikoa dago bakarrik; Espainiako Koparako baliagarria izango da. Oro har, Euskal Herri mailako pisu espezifikoa galtzen ari da eskualdea. Gipuzkoako egutegian (zenbait proba Hego Euskal Herri mailakoak dira) 95 probak osatzen badute egutegia, %22,1 izango dira Goierrin.
Herrika, Beasaingo Loinatz txirrindulari elkarteak prestatuko ditu proba gehien Goierrin: bost. Lazkaon, Ordizian, Seguran, Legazpin, Zegaman eta Legorretan bina lasterketa –azken horretan Gipuzkoako federazioaren taldekako erlojupekoak–, eta Ataunen, Liernin (Mutiloa), Ormaiztegin eta Idiazabalen bana izango dira.
Juniorrak, oparoenak
Bai Gipuzkoan, bai Goierrin, junior mutilek edukiko dituzte lasterketa gehien. Eskualdeko txirrindulari eskolek ere eremu horretan dihardute gaur egun lanean, afizionatuetako taldeak desagertu zirenetik.
Gipuzkoako klasikoaren 1. etapa Ormaiztegin jokatuko da, Gipuzkoako Itzuliko aitzinetapa Idiazabalen eta 3.a Legazpin.
Profesionalei dagokienez, Ordiziako Klasikoa uztailaren 25ean izango da. Aurretik, (apirilak 3) Euskal Herriko Itzuliak sartu-irtena egingo du.
Goierriko egutegia
AFIZIONATUAK
Euskaldun Txapelketa
- Lazkao. Maiatzak 4
- Beasain. Maiatzak 18
- Ataun. Maiatzak 19
Lehendakari Txapelketa
- Segura. Ekainak 29
- Zegama. Abuztuak 31
Klasikoak
- Legazpi. Maiatzak 1
- Beasain. Uztailak 7
JUNIORRAK
- Ormaiztegi. Apirilak 20
- Lazkao. Apirilak 27
- Zegama. Ekainak 1
- Idiazabal. Ekainak 21
- Legazpi. Ekainak 24
- Legorreta. Uztailak 7
- Beasain. Irailak 1
- Lierni. Irailak 8
KADETEAK
- Beasain. Martxoak 2
- Segura. Apirilak 28
- Legorreta. Uztailak 7
- Ordizia. Uztailak 20
EMAKUMEZKOAK
- Beasain. Martxoak 17
- Ordizia. Irailak 7













