Harrera beroa arto bulgurrari
Mendarte baserriak, Ekotalok eta Osoa Sukaldaritzak bat egin dute artoarekin egindako produktu berri bat aurkezteko eta dastatzera emateko. Ardi gazta berria ere lekua hartzen doa astetik astera.
Komunikabide ugari eta produktu berriak probatzeko gogoz zegoen jende gehiago bildu dira gaur eguerdi aldera Plaza Nagusian, Ordiziako azokaren babesean Ekotalo, Mendarte baserria eta Osoa Sukaldaritza Zentroaren artean gauzatutako elkarlanaren emaitza ikusteko eta dastatzeko. Mendarteko Iñaki Intxaustik ekoitzitako arto beltzarekin arto bulgurra sortu du Ekotaloko Julen Altzelaik, eta Osoako Ane Otegi sukaldariak plazan bertan jendaurrean prestatu du eta dastatzera eman du.
Rissoto erako platera zen, bulgurra osagai nagusia zela, Mendarteko barazkiekin eta Beñat Telleriaren gazta urdinarekin prestatutakoa. Probatzeko aukera izan dutenek, ederra zegoela esan dute. Osagai guztiekin prestatutako poltsa ere eraman dute batzuk, etxean prestatzeko. 10 euroan saldu dute paketea, Ordiziako azokaren oihalezko poltsa dotorearen barruan sartuta.
Arto bulgurra duela aste batzuk iritsi zen Ordiziako feriara, eta gaur izan duen harrera beroaren ondoren, geratu egingo da. Intxaustiren postuan dago salgai, 300 gramoko paketea 5 euroan.
Loreak eta landareak
Produktu berri horrekin batera, loreak ere izan dira gaurko protagonistak ferian. Alde batetik, mimosa lore hori-hori eta ikusgarriak erosteko aukera izan da, lehen Aramako Miren Jauregik zuen postuan; orain Jaione Irazusta alabak jarraitzen du bertan. Sorta 3,5 euroan zuen salgai.
Bestetik, Aramatik iritsi dira baita ere cydonia japonika edo irasagarrondo japoniarraren adarrak, lore arrosekin. Maite Zurutuzak zituen salgai, horiek 3 euroan.
Landareen atalean tomatea eta piper mina aipatu behar dira. Tomatea, Jack motakoa, Ibarrako bi landarezaleek zuten, baina erakusteko batez ere, oraindik goiz delako. Montesek, gainera, piper mina ere bazuen, etxean bertan hazitakoa. Tomatearentzako bakarrik ez, piperrarentzako ere oso goiz dela aipatu du Patxi Izagirrek: «Ez da garaia, hobe San Josera arte itxoin. Orain aldatzekotan, ateak itxita eta berogailua duen negutegian, eta martxoan ere, hobe horrela».
Gazta berria ugaritzen
Ardi gaztaren eskaintza ere handitzen doa. Urtarrilaren erdialdean jarri zuen dagoeneko salgai Mikel Lasak, Nafarroko Olaztikoa, baina aste honetatik aurrera Amezketakoa ere erosi daiteke, Arizmendi Gaztak udaletxeko arkupeetan duen postuan. Oteiza Goikoa baserrikoa da orain dutena, baina datorren astean Lanbitakoa ere izango dutela aurreratu du Josune Ormeñok, eta Urbasakoa martxoan iritsiko zaiela. Ardi gazta berriaren kiloa 20 eta 22,5 euro artean dago.
Idiazabal jatorri izendapenekoa ere laster iritsiko da.
Bi talde bisitan, eta eguraldi hotza
Amaitzeko, bisitak eta eguraldia aipatu behar dira. Bisitariek giro aparta jartzen dute ia asteazkenero. Gaur D’Elikatuz zentroaren gidaritzapean postuz postu ibili dira horretan Lazkaoko Maizpide barnetegiko ikasleak eta Alegiko Aralar institutuko ikasleak.
Eguraldiak, berriz, goiz grisa eta hotza utzi du gaur Ordizian. Goizeko 11k aldera behe lainoa zegoen oraindik, eta plaza inguruko termometroek 5 gradu besterik ez zituzten markatzen.