Horma irudi bat osatzeko marrazki lehiaketa abiatu du Bear elkarteak
'Eman kolore bizitzari' lemapean, haur eta gaztetxoen artean sormena sustatzeko helburuarekin antolatu dute. Lanak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 30era arte.
Eman kolore bizitzari lemapean, haur eta gaztetxoen artean horma irudi bat egiteko marrazki lehiaketa abiatu du Bear Beasaingo Arte Zaletuen elkarteak, Udalaren laguntzarekin. Helburua da 18 urte arteko goierritarren artean irudimena eta sormena bultzatzea.
Ekimena berria da, lehenengoz antolatu baitute horrelako zerbait. Aurkezten diren lanen artetik aterako da horma irudia egiteko diseinua, herriko pareta batean pintatuko dena.
Nola parte hartu
Lehiakide bakoitzak horma irudi bat edo grafiti bat egiteko ideiarekin marrazki bat egin beharko du. Antolakuntzak proposatu duen leloa agertu beharko da diseinuan. Erabiltzen den teknika librea izango da, beraz, arkatza, akuarela, irudi digitala, … norbere aukera egin dezake. Hori bai, marrazkia A4 tamainako formatuan aurkeztu beharko da eta, noski, marrazkiak originala izan beharko du, hau da, ezin da beste lehiaketa batean aurkeztutakoa edota kopia bat izan.
Lanak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 30era arte. Modu desberdinak daude lanak aurkezteko. Postaz, Bear Elkartea, Urbieta zentroa, Gipuzkoa Plaza, Beasain, helbidera bidalita. kasu honetan, marrazkiarekin batera, beste paper batean egilearen datuak atxikitu behar dira (Izena, jaiotze data, helbidea eta gurasoen telefono zenbakia).
Internet bidez, BEARelkartea@gmail.com eposta ere bidal daitezke. JPG formatuan bidali behar dira lanak eta emailean ere, egilearen datuak gehitu behar dira.
Epaimahaiak, elkarteko kide batek, udaleko ordezkari batek eta arte munduko pertsona batek osatua, erabakia hartu eta maiatzean zehar jakinaraziko da.
Sariak
Partaideen artean, kategoriaka, garaikurrak eta pintatzeko materiala banatuko dituzte saritan: A kategoria (2006-2008 jaiotakoa); B kategoria (2009-2011); C kategoria (2012-2014); eta D kategoria (2015etik aurrerakoak) izango dira.