Samory I & Mortimer Meets Tippy I jamaikarrak, Legoreggae-ko kartelburu
Marabiyak Sound-ek, Lilibat Sound-ek, Steady Rockets-ek eta The Titanians-ek osatzen dute kartela. Jaialdia martxoaren 23an da.
Martxoaren 23an izango da bederatzigarren Legoreggae Legorretako reggae jaialdia. Egun horretan reggae, ska edota rocksteady doinuez beteko dira herriko kaleak. Antolakuntzak sareetan zabaldu ditu aurtengo kartela osatuko duten bandak eta soinu sistemak dagoeneko. Samory I & Mortimer Meets Tippy I jamaikarrak izango dira kartelburu.
Samory I Kingston-en jaiotako roots reggae abeslaria da. 2017an Black Gold kolaborazio albuma argitaratu ondoren, iaz kaleratu zuen bere bakarkako lehen diskoa: Strength. Mortimer ere Kingston-en jaiotako abeslaria da, roots reggae eta Jamaikako musika garaikidea uztartzen dituena. Slowly izeneko aurrerapen kanta argitaratu berri du urtarrilean. Biek elkarrekin, Tippy I musika jartzailearekin batera, Erresuma Batuan bira txiki bat egingo dute martxoan, eta hilaren amaieran Legorretan izango dira hirurak, Live Dub Show formatuan. Bakarka abestuko dute, Tippy-k doinuak jartzen dizkien bitartean.
Marabiyak Sound Iruñeko soinu sistemak bi emanaldi egingo ditu. Arratsaldean kaleko giroa alaituko dute kalejiran, eta gauean Herri Kiroldegiko oholtzan izango dira. Lilibat Sound kolektibo irundarrak emango dio hasiera gaueko jaialdiari. Sustrai Sister-ek, Ametsek eta Garazek osatzen dute hirukotea. Reggae kulturaren eta soinu sistemaren kulturan autozaintzarako gune seguru bat sortzeko nahitik eratu zuten taldea.
Iazkoa, aurten
Steady Rockets izango da jaialdiko lehen banda. Dozena bat lagunez osatutako Bizkaiko taldea da, reggae, ska eta rocksteady doinuekin ikusleak dantzan jarriko dituena. Iazko jaialdian jo behar zuten, baina azken orduko arazo batengatik bertan behera geratu zen emanaldia. 2021ean argitaratutako Reggaean Jarrai proiektuan parte hartu zuten, Anje Duhalderen Eperrak bertsionatuta.
Kartela osatuko duen azken banda The Titanians izango da. Iruñean sortua, reggae roots doinuak lantzen dituzte. Euskal Herritik sortutako jamaikar kulturaren zati bat eramango dute Legorretako Herri Kiroldegira. Vol.2 Helmuga argitaratu berri duten diskoa aurkeztuko dute.
Sarrerak
Antolakuntzak ez du iragarri oraindik noiz eta non jarriko dituzten salgai sarrerak. Datozen asteetan emango dituzte zehaztapen gehiago.