AHTaren aurkakotasuna, 1993an hasitako ibilaldia
Ipar Euskal Herrian sortu zen AHT Abiadura Handiko Trenarekiko lehen oposizio antolatua. 1993an, Hegoaldera igaro zen mugimendua. Lazkaoko Biziolan dagoen erakusketan errepasoa eman diote, urteka.
Lanak duela 16 urte hasi baziren ere, AHTren aurkako mugimenduak 30 urte daramatza proiektuaren kontrako lanean. 1993an AHTaren Aurkako Asanbladak herrika eratu zituzten: Tolosako (Gipuzkoa) Oargi elkartean maiatzaren 29an egin zuten hango batzarra, Bergaran (Gipuzkoa) uztailaren 3an, Soraluzen (Gipuzkoa) azaroaren 27an… Euskal Herriko mugimendu ekologista izan zen sustatzailea, eta Leitzarango autobidearen eta gasbidearen proiektuen aurka gorpuztuta zeudeen taldeek bideratu zuten AHTaren aurkakoa ere.
Garapenkeriaren, proiektu txikitzaileen eta azpiegitura handien eraikuntzen aurkako mugimendu zabala eta indartsua piztu zen. 1999an, eguzki-plaken instalazio handien eta parke eoliko erraldoien eremura ere hedatu zen kritikazko ikuspegia; 2003an, Pasaiako superportuaren aurka ere bai. Akanpadak, mendi eta bizikleta martxak, desobedientzia ekintzak, protestak… geroz eta oihartzun handiagoa eman zioten AHTaren aurkakotasunari.
Erakundeen aldetiko «erabateko desinformazioa» salatu, eta kontrainformazio agerkariak atera zituzten. 1993rako, H nafarra eta Euskal Y deitutako proiektuak zebiltzan agenda politikoan. 1995ean, AHTa 2004rako martxan izango zela aipatzen zen. «Herritarrok gorriak pasatuko ditugu 2010erako Y-rik ez badugu», zioen jaurlaritzako Garraio sailburuak.
Elkarlanaren sorrera
Herrikako jardueratik sare zabala jostera, jauzi kualitatiboa 2001ean gertatu zen, AHT Gelditu! Elkarlana sortu zutenean. Abiadura azkarreko trenaren azpiegituraren eraikuntza geroz eta gertuago ikusten zen, eta gizartean eta kalean oposizioa sarriagotu zen. Donostian, ekainaren 16an, Euskal Y-aren aurkako manifestazioan 4.000 lagun elkartu ziren, ordura arteko mobilizazio handiena. «Bestelako eredu sozio-ekonomiko bat» aldarrikatzen zen, nagusiki.
Egitasmoa 2003an hasi zen egikaritzen Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako lau trenbide-zatiren proiektu-erredakzioak esleituta. Zundaketa geologikoak iritsi ziren 2004-2005ean, eta gogortu egin zen protesten erritmoa eta intentsitatea. Trenak gerarazi zituzten, zirkulazioa eten pertsonak kateatuta, eraikin publikoetara eta eraikitzaileen bulegoetara sartu…
Lehen lanak, fisikoki, 2006an hasi zituzten, Urbinan (Araba). AHTaren aurkako borrokaren ikur bilakatu zen herri hura, obretara egindako protesta-martxa bat bortitz desegin zuelako Ertzaintzak. Goierrira 2008an iritsi ziren lanak, Itsasondo-Legorreta zatiari ekiteko.
Hamaika modutara adierazi zuten protestariek proiektuarekiko errefusa: hondeamakinak gerarazi zituzten Ordizian, Mariaratzen obretarako sarrera itxi zuten hormigoitan besoak sartuta, 2010eko uztailean Beasaingo geltokian tren zerbitzua eten zuten karrilean jende andana eserita, Itsasondon antzinako meategi-galerietan barneratu ziren ekintzaileak, lanak eta tuneletako leherketak geraraziz.
AHTaren aurkako borroka urtez urte erakusketan, prentsa-mozketak, agiriak, argazkiak, esku-orriak, kartelak, aldizkariak eta artxiboak kontsulta daitezke. Biziolan, otsailaren 15era arte (10:00-19:00) egongo da.