'Almazenean', Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartzarekin, Herri Antzokian
Online sarrerak agortuta daude jada. 20:30ean hasiko da. Lan munduko esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa bat proposatzen du antzezlanak.
Antzerki Garaia antzezlanen zikloaren barruan, bihar, 20:30ean, Almazenean antzezlana izango da ikusgai Ordiziako Herri Antzokian. Online sarrerak agortuta daude jada. David Desola da antzezlanaren egilea, eta Begoña Bilbao zuzendaria. Antzezleak, berriz, Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza dira.
Erretiroa hartzear dagoen arduradunaren papera egiten du Iker Galartzak antzezlanean. Zuhaitz Gurrutxagak, aldiz, lanpostuan ordezkatuko duen langilea gorpuzten du. Bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen batean. Bi langileen arteko harremana estutzen joango da, eta amankomunean daukaten gauza batek lotuko ditu betiko: galtzaileen kontzientzia. Lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa bat proposatzen du antzezlanak.