Aramako Udalak 465.000 euroko aurrekontua izango du 2024. urtean
Apaiz-etxean taberna-jatetxea jartzeko proiektua dute esku artean. Udaletxe zaharrean etxebizitzak egiteko aukera aztertzen ari dira, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.
Aramako Udalak 465.000 euroko aurrekontua izango du 2024an. Abenduko plenoan onartu zuten herriko zerrendako zinegotziek aho batez, zerrenda bakarra izanik denen artean landutakoa baita. Diru laguntzen araberakoa izango den arren, hiru proiektu nagusi aurreikusi dituzte.
“Arama bezalako herri txikietan edozein proiektu aurrera eramateko diru-laguntzen menpe gaude. Hori dela eta, diru-laguntzak eskatzeko epeak irekitzen direnerako, aurrera eraman nahi ditugun proiektuak prest edukitzea da gure lehentasuna”, azaldu du Aritz Insausti alkateak. Next Generation diru laguntzak jasotzen ahaleginduko dira. 35.000 euro zehaztu dituzte proiektu horietarako.
Batetik, udalak duela urte batzuk eskuratu zuen apaiz-etxean taberna-jatetxea jartzeko proiektua dute esku artean. Eitzen arkitektura enpresa kontratatu du udalak oinarrizko proiektua landu dezan. “Behin plangintza zehaztuta, gure baliabide-propioez gain diru-laguntzaren bat lortuz gero, proiektua gauzatzeko moduan ginateke”. Bestetik, udaletxe-zaharraren eraikuntza hutsik dagoenez, bertan etxebizitzak egiteko aukera aztertzen ari dira, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Aurre-proiektua lantzeko eskatu diote Eitzen enpresari, “aukerak zein diren ezagutu eta herritarrei aurkezteko”.
Azkenik, herri gunea oinezkoentzat soilik egiteko proiektuarekin dabiltza lanean. “Autoen sarbidea mugatu eta oinezkoak lasai ibiliko diren gunea sortu nahi” dute.
Energia herrian bertan
Tokiko Energia Komunitatea sorturik dago jada Araman. Lanketa horrekin ere jarraituko dute aurten. Instalazio fisikoa amaiturik daukate eta aktibazio fasean daude orain. Alkateak azaldu duenaren arabera, “lehenbailehen amaitzea espero” dute, ondoren “herritarrek energia bertan sortzearen abantailak jaso ditzaten”.
Aurreko urteetatik datozen proiektuak dira hirurak, “arrazoi ezberdinak medio” aurrera eramaterik izan ez direnak. Jarraipena emango diete proposamen horiei ondo bidean.