Dozenaka lagun elkartu dira indarkeria kasu ororen aurka
Azken egunotan albiste izan den gertakariaren "larritasuna" azaleratu eta "gogor" salatu du Goierriko Itaiak.
Haur pornografiako bideoak edukitzeagatik eta Internet bidez zabaltzeagatik Beasainen izan den atxiloketaren harira elkarretaratzea egin zuten, atzo, arratsaldean, Bideluze plazan, Itaiak deituta. Dozenaka lagun elkartu ziren gertakari horren “larritasuna” azaleratu eta “gogor” salatzeko.
Bertan bildutakoek, ondorengo irakurketa egin zuten:
“Azken egunotan albiste izan den gertakari baten larritasuna azaleratu eta gogor salatu nahi dugu Goierriko Itaiako kideok. Argitara atera berri da, pasa den otsailaren 6an gazte beasaindar bat atxilotu dutela haurren eduki pornografiko “gogorra” izatea eta zabaltzea egotzita, eduki pedofilo ugari atzeman dizkiote.
Zentzu honetan, fokua jarri nahi genuke pornografiak jazarpen sexualaren betikotzearekin duen harremanean. Bestela esanda, pornografiaren kontsumoa, norma kultural matxistak hauspotzen du; eta kontrara, honen kontsumoak norma kultural matxista betikotzen du. Kasu hau are larriagoa eta kezkagarriagoa da, euren zaurgarritasun egoeraz baliaturik, bideootan agertzen diren haurrak jazarriak izan baitira. Doakiela elkartasun osoa ume hauei eta haien familiei.
Funtsean, etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxista indartzea dakar, eta honek biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio. Izan ere, auzi honetan aurrerapauso izugarriak eman direla pentsatzen den arren, askotan berau ukatzerainokoa, kalean ez da indarkeria desagertzen. Izan ere, matxismoa ez da ideologia bat, ez da pentsatzeko modu bat, mentalitate bat.
Egiturazko zapalkuntza bat da, sistemak bere interesetara beharrezko duena. Eta beraz, emakume langilea zapalduta mantentzeak onurak dakartzan bitartean, kultura matxista erreproduzituko da, etengabe. Egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok, zein bestelako subjektu zaurgarriak (kasu honetan haurrek) zapalkuntza forma anitzak pairatzea.
Horrenbestez, egoera hauei era integral eta eraginkorrean erantzuteko konpromisoa adierazten dugu. Horrelako gertakariek lekurik izango ez duten gizarte bat jomuga izanik, errealitate honi erantzuteko defentsa mekanismoak garatuz gaurdanik. Bide horretan, beharrezkoa dugu eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea. Hau dela eta, dei egiten dugu asteburu
honetan Beasainen antolatu dugun indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladan parte hartzera”.