Loinatz jaietako irudia erabakitzeko lehiaketa abian da
Lanak aurkezteko epea martxoaren 17an amaituko da.
Maiatzaren 10etik aurrera ospatuko diren Beasaingo Loinatz jaien antolaketan hasiak dira Beasaingo Udala eta herritarrak. Jaietako batzordea bildu da eta Udalak bere aldetik azken osoko bilkuran jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketaren oinarriak onartu zituen. Jaiak iragartzeko irudia izateaz gain, kartel irabazlea jaietako egitarauaren azalean agertuko da.
Bi kategoriatan banatu dute lehiaketa: nagusiena edo 2008 urtera arte jaiotakoak; eta haurrak, 2009-2017 urte bitarte jaiotakoak.
Nola parte hartu
Diseinuak, formatuari dagokionez, nahitaez, bertikala izan behar du eta 2024ko Loinatz jaiak maiatzaren 10etik 19ra esaldia azaldu beharko da. Lanak inoiz argitaratu gabeak izan behar dute.
Jasotzen diren lanen artean, Loinatz jaiekin edota Beasaingo jaietako ohiturekin lotura izatea, lehiaketaren helburuarekin lotura izatea (jaiak iragartzea), eta noski, sormena, teknika eta ideia berrien ezaugarriak agertzea kontutan hartuko ditu epaimahaiak. Epaimahaiak aukeratuta, bigarren fase batera pasako diren lanen artean bozkatuko dute herritarrek.
Nagusien mailako irabazleari 600 euro eta gaztetxoen irabazleari 180 euro banatuko dizkiete.
Lanak aurkezteko epea, martxoaren 17an amaituko da. Bertsio digitalean kultura@beasain.eus epostara bidali beharko dira lanak edo IGunean aurkeztu CD batean. Bertsio fisikoan, IGunean aurkeztu beharko dira.