Udaberri Saritik kanpo geratu dira Oianguko palariak
Finalerdietarako aukerarik gabe geratu dira jada. Euskal Herriko txapelketako bikoteei oraindik hiru jardunaldi geratzen zaizkie.
Udaberri Saria jokatzen ari diren Oiangu Pilota Elkarteko palarientzat asteburu garratza izan zen aurrekoa. Txapelketa horretatik kanpo geratu dira Oiangu 1eko Gonzalez-Ormazabal eta Oiangu 2ko Oiarbide-Samaniego bikoteak, finalerdietarako aukerarik gabe geratu baitira. Asteburuan atsedena izango dute.
Euskal Herriko txapelketa jokatzen ari diren oiangutarrei, berriz, hiru jardunaldi geratzen zaizkie oraindik jokatzeko. Aurreko asteburuan etxean jokatu zuten. Oiangu 1 taldeak bi partidetatik bat irabazi zuen Oiartzungo taldearen aurka. Irastorza-Etxeberria bikoteak galdu egin zuen, 32-25, paleta larruz, eta Naldaiz-Garrido bikoteak, berriz, 40-27 irabazi zuen, pala motzean. Oiangu 2 taldeak bi partidak irabazi zituen, Gasteizko Adurtza taldearen kontra. Luzuriaga-Elorza bikotea 35-17 nagusitu zen, paleta larruz, eta Otegi-Letamendi bikotea, pala motzean, 40-21.
Bi taldeak paretsu daude sailkapenean, puntu berdinekin, bosgarren eta seigarren tokian. Asteburuan Gasteizen eta Gatikan jokatuko dituzte partidak bi taldeek.