Hondakin bilketak %1 gora egin du Goierrin 2023an, 21 milioi kiloz gaindi
Herrietako gaikako bilketaren batez bestekoa %76,9an geratu da eskualdean. Bizilagun bakoitzak 297,9 kilo hondakin sortu zuen iazko urtean. Erraustegira 68,8 kilo joan dira.
Goierriko hondakin bilketa datuak argitaratu ditu Sasieta Mankomunitateak. Iaz, guztira 21.002.391 kilo hondakin bildu zituen eskualdeko 22 herrietan. 2022an baino 74.354 kilo gehiago dira, %1 gehiago. Bizilagun bakoitzeko –70.495 goierritar zeuden erroldatuak–297,9 kiloko sorkuntza da hori.
Birzikla daitezkeen 13 segmentuen artean %76,9 osatzen dute: 16,1 milioi kilo. Aldiz, erraustegira 4,8 milioi kilo hondakin bidali ziren iaz Goierritik, guztiaren %23,1 (68,8 kilo biztanleko). Edukiontzi marroietan biltzen den biohondakina da kopuruz –5,7 milioi kilo– zein portzentualki –hondakinen %27,2– ugariena, eta ondoren ontzi arinak (3,5 milioi, %17), beira (2,25 milioi kilo, %10,7) eta papera (2,23 milioi, %10,6).
Bereizte tasa ia bere horretan mantendu da 2022tik 2023ra, 0,1 puntu soilik hobetu baita: pandemia aurreko maila berean kokatu zen iaz, %76,9rekin, 2021eko datu onenaren (%77,2) azpitik.
Eskualdeko ia udalerri guztiek gainditu dute %70eko bereizte tasaren langa. Altzaga eta Mutiloa dira beherago geratu diren bakarrak; Itsasondo ere bai, baina han biohondakina auzokonpost sistemaren bidez kudeatzen dute, eta bilketa datuetan biohondakinaren zama sartzen ez denez, portzentaian eragin du. Itsason ere bertan kudeatzen dute organikoa, eta Zaldibian ere zati handi bat behintzat bai.
Birziklagarriak diren gaien bilketan portzentaia onena Ormaiztegik eman du, beste behin: %86,7. Zazpi udalerrik lortu dute 80tik gorako tasa.
Beste bi bilketak ere gora
Herrikako hondakin bilketa absolutuak gora %1 egin badu, Sasietak dituen hiru garbiguneetako eta industrialdeetako bilketa-motetan ere hondakin gehiago jaso zen iaz: 92.426 kilo gehiago Beasain, Ordizia eta Urretxuko garbiguneetan; eta 111.010 kilo gehiago industrialdeetan (birziklagarria 59,3 da, nagusiki egurrezko paletak eta eta kartoia).
Garbiguneetatik baimendutako birziklatze plantetara %89,6 bidali da. Denera 4,1 milioi kilo jaso dira, biztanleko 59,5 kilo. Eraikuntzetako eraisketa-hondarrak biltzen dira gehien garbiguneetan, eskombroak: harrizkoak 0,8 milioi kilo, eta harrizkoak ez direnak 0,6 milioi. Ondoren, egurra (1,3 milioi kilo).
Industriako aparteko bilketatik, aldiz, birziklatzera %59,3 bidali da (1,6 milioi kilo) eta erraustegira %40,7 (1,1 milioi kilo). Egurrezko paletak (0,8 milioi) eta kartoia (0,6) jaso da gehien