Bide seguruago bat bi herrien artean
Gipuzkoako Foru Aldundiak 21 milioi euro jarri ditu Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidea zabaltzeko lanetarako. Segurtasuna eta erosotasuna «nabarmen» hobetuko direla adierazi du diputazioak.
Azkoititik eta Zumarragara zuzenean hamar kilometro daude, gutxi gorabehera. Errepidez joanda, baina, Urola ibaiaren ibilgu sigi-sagatsuari jarraituz gero, hemezortzi dira. Izan ere, bide horretan, bihurguneak daude nonahi. Hain zuzen ere, GI-631 errepideak lotzen ditu bi herriak. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, «komunikazio bide nagusietako bat» da errepide hori; «funtsezko azpiegitura Urola ibarraren garapen sozioekonomikorako». Errepidea hobetzeko lanetan dabiltza, eta 21 milioi euro baino gehiago bideratu ditu aldundiak azken urteetan.
2020an autoen eta oinezkoen bideak bereizi zituzten Aizpurutxon (Azkoitia); iaz, hirugarren lerroa zabaldu zuten 27. kilometroan, Aizpurutxo eta Urretxu artean. 1,3 kilometroko tartea dago batetik bestera. Autoak aurreratu ahal izateko, laurehun metroko bitarte ditu bide horrek; noranzko bakoitzean, bana. Orain pare bat aste, Gobernu Kontseiluak beste zabalgune bat egiteko eraikuntza proiektua onartu zuen, 13 milioi euro baino gehiagokoa. Horrek ere 1,3 kilometro izango ditu, eta 23. kilometroan egingo dute, Azkoitia eta Aizpurutxo artean. Egitasmoa orain atera da lizitaziora, 31 hilabeteko gauzatze epearekin. Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren nahia da lanak
aurten bertan hastea, hiru lerroko hirugarren tartea ere egin nahi baitute aurrerago.
Erabiltzaileek begi onez hartu dute albistea, beharrezkoa dela uste dute eta. Halere, gidarientzat, konponketak ez dira nahikoa, aurreratzeko zatiak oso txikiak eta motzak direlakoan. Kexu dira, asfaltoan zuloak daudela eta lerroak estuak direla uste baitute.
Istripuak ere izan dira. Larriak, batzuk. Azaroan, esaterako, 52 urteko motor gidari bat hil zen, bihurgune batean erori eta auto batek harrapatuta. Aste batzuk lehenago, kamioi bat Urola ibaira erori zen. Orduko hartan ez zen hildakorik izan, baina errepidea itxita egon zen hainbat orduz, kamioia berreskuratzeko garabiak errepide osoa okupatzen zuelako eta gainerako ibilgailuek nondik pasa ez zutelako.
Lanak, funtsezkoak
Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramaileak proiektuaren nondik norakoak aletzerakoan argitu zuen hirugarren lerroak ez direla abiadura handian gidatzeko, baizik eta era seguruan aurreratu ahal izateko. Hala, segurtasuna
eta erosotasuna «nabarmen» hobetuko direla esan zuen: «Urolako eskualdeetan eta, bereziki, Azkoitiko eta Urretxuko udalerrietan, errepidea erabat hobetuko zaie». Diputazioak «konpromisoa» duela ere gaineratu zuen: «Eskualdearentzat eta lurraldearentzat lehentasunezko zerbait da». Izan ere, bozeramailearen arabera, eskualdeko erreferentziazko ospitalerako —Zumarragakoa— bidea da errepidea, eta baita hainbat zerbitzutarako lotura eta Iraurgi bailarako industriarentzako sarrera eta irteera ere.
Aurreikuspenen arabera, bigarren zabalgunea 2026rako egongo da prest. Berasaluzeren hitzetan, bi urte baino gehiago beharko dituzte lanak amaitzeko. «Prozesu luzea» izango dela dio, eta «pazientzia eta ulermena» eskatu ditu horretarako. Emaitzak «hobekuntza itzela» eragingo duela iritzita, mereziko duela esan du. Hirugarren lerroa egiteaz gain, hainbat baserritara sartzeko segurtasun baldintzak hobetuko dira, ezkerrera biratzeko eta galtzada gurutzatzeko itxaroteko erdiko lerro bat gaituta.