Amiantoarekin lan egiteagatik eskatutako kalte ordainen epaiketaren aurretik elkarretaratzea egin dute Eibarko epaitegian
Patricio Echeverria enpresako ondorengoak diren GKN eta CIEri 366.429 euro eskatu dizkie langile ohi batek, lantegi horretan amiantoaren eraginpean lan egiteagatik biriketako adenokartzinoma duelako. Asviamie elkarteak deitu du elkarretaratzea.
X.B.Z. jubilatuta dago gaur egun. 1966an eta 1967an Legazpi Eskoletan lan egin zuen, eta 1970eko ekainetik mantentze hidraulikoko lanak egin zituen Patricio Echeverria lantegiko altzairutegian. Gerora, 1991tik eta 2010ean jubilatu zen arten, GKN Driveline Legazpin lan egin zuen. 2019an biriketako adenokartzinoma diagnostikatu zioten, eta Gizarte Segurantzaren aurrean erreklamazioa aurkeztu eta gero, laneko gaixotasunak eragindako ezintasun absolutua aitortu zioten 2023ko otsailaren 28an, eta pentsioa hobetu zioten.
Osalan erakundeak azaldu duenez, langile ohia amiantoren eraginpean egon zen Patricio Echeverrian lan egin zuen epean, Enpresak ez zuen garai hartako legeak agindutako segurtasun neurririk hartu, eta arrazoi berberagatik mesoteliomak zituzten beste bi langileri pentsioetan gehikuntzak ordaintzeko zigorra jaso zuen. Gainera, beste bi langilek ere kalte ordainak eskatu dituzte Patricio Echeverrian arnastutako amiantoak eragindako gaixotasunengatik.