Legazpiko udal gobernu taldea herritarren etxeetara joateko prest, haien premiak ezagutzeko
Udaletxera joan ezin duten herritarrei zuzendutako ekimena da. Eraiki Dezagun Legazpi proiektuaren barruan kokatzen da.
Legazpiko Udal Gobernu Taldeak “ekimen desberdin eta berritzailea” jarri du martxan, udalaren eta herritarren artean “hurbiltasun handiagoa bilatzen duena”. Hala, alkatea eta gobernu taldeko kideak prest agertu dira udaletxeraino hurbildu ezin daitezkeen herritarren etxeetara joateko, haien kezkak eta premiak jasotzeko, eta “konpontzen saiatzeko”.
Udal gobernu taldeak gogoratu duenez, herritar guztiek eska dezakete alkatearekin eta zinegotziekin biltzeko hitzordua, “edozein kezkari edo arazori aurre egiteko”. Baina guztiek aukera berdina izan dezaten, udaletxera joateko zailtasunak dituzten herritarren etxeak bisitatzeko prest dagoela adierazi du Eric Galvez alkateak. Beharrezkoa izanez gero, gobernu-taldeko zinegotziek ere lagunduko diote bisita horietan.
Hitzordua eskatzeko, udalarekin harremanetan jarri behar da telefonoz (udalerri barrutik 010 zenbakira deituta, edo udalerritik kanpo 943 73 70 30 zenbakira), edo haz@legazpi.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita.
Eraiki dezagun Legazpi
Gobernu taldeak “konpromisoa” hartu du “herritarren benetako beharrei modu eraginkorrean erantzuteko, hori baita gure lan politikaren ardatz nagusia”. Hori lortzeko, “funtsezkoa” iruditzen zaie administrazioa “hurbila” izatea eta “entzute aktiboa sustatzea”.
Helburu horren barruan kokatzen da udalak duela gutxi martxan jarri duen Eraiki dezagun Legazpi proiektua. Proiektu horren bidez, gobernuko kideak udalerriko hainbat gunetan egon dira “herritarren ekarpenak eta proposamenak zuzenean entzuten”. Guztira 176 ekarpen jaso dituzte horrela, eta guztiei erantzuna eman diete. Gaur egun, jasotako proposamen horietako asko gauzatu dituzte, edo lantzen ari dira, eta horien jarraipena egin daiteke udalaren www.legazpi.eus webgunean. “Ziur gaude herritarrekin batera egindako ahalegin horrek nabarmen lagunduko duela legazpiarren bizi-kalitatea hobetzen”.
Eraiki dezagun Legazpi proiektuaren barruan banakako bilerak ere egin dituzte herriko elkarte eta klub guztiekin, “haien behar espezifikoak ezagutzeko”. Elkarte horiek “Legazpi bizia, dinamikoa eta solidarioa mantentzeko duten garrantzia aitortzen dugu. Funtsezkoa iruditzen zaigu haiekin guztiekin harreman erraza izatea, eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei egiten duten lanagatik eta gure herriarekin duten konpromiso hautsezinagatik”.