Olaria sarirako proposamenak egiteko epea ireki du Legazpiko Udalak
Aurreko urtean zehar edo bere ibilbideagatik nabarmendutako pertsona edo elkarte bati egiten zaion aitortza da. Maiatzaren 3an entregatzen da, Santikutz jaietako egun handian.
Legazpiar guztiek proposa ditzakete hautagaiak, baina proposamen bakoitzaren arrazoiak azalduz. Proposamenak egiteko hiru bide erabil daitezke: udalaren webguneko formularioa beteta, LegazpiON aplikazioaren bidez edo udaletxeko arreta zerbitzuan.
Epaimahaia eta erabakia
Alkateak, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak, azken edizioko irabazleek eta udalerriko elkarteetako beste hiru ordezkarik osatuko duten epaimahaiak proposatuko du hautagaien artean zeinek jasoko duen Olaria.
Proposamen hori martxoko udaleko bozeramaileen batzordean aztertuko dute, eta hil bereko Osoko Bilkurara eramango dute onartzeko.
Azken Olaria sariak Nagusilan elkarteari eman zioten, iaz.