Oriora joan da Ordiziako Argi Berri mus txapelketako sari nagusia
Jon Ubegun eta Ibai Esoain dira 45. edizioko txapeldunak, Jon Ander Peñagarikano eta Eneko Hernandez bizkaitarrei irabazita. Guztira 124 bikotek parte hartu dute 45. edizioan.
Ordizia muslarien topaleku bihurtu zen larunbat arratsaldean eta gauean, Argi Berri elkarteak antolatutako txapelketaren harira. Orioko Jon Ubegun-Ibai Esoain bikoteak irabazi zuen, eta elkarteko lehendakari Patxi Arrospidek jantzi zien txapela. Getxoko (Bizkaia) Jon Ander Peñagarikano eta Eneko Hernandez izan ziren txapeldunordeak.
Txapelketaren 45. edizioa zen, eta Gipuzkoa osotik, Bizkaitik eta Nafarroatik iritsitako 124 bikotek parte hartu zuten bertan, haren izen handiak eta sari potoloek erakarrita. Txapeldunek, txapelez gain, 2.000 euro ere jaso zituzten.
Partidak 16:30ean hasi ziren jokatzen Urdaneta eskolako aretoetan, eta Argi Berri elkartean bertan jokatu ziren azkenak. Sariak banatuta, 23:30ean amaitu zen guztia. Elkarteko bazkideek igande goizean ere lan egin behar izan zuten, eskola garbitzeko eta jasotzeko.
Mus txapelketaren ondoren, bertso paper lehiaketaren antolaketan murgilduko orain Argi Berri elkartea, eta Ordiziatik martxoaren 23ko goizean igaroko den Korrikari begira ere lanean dabil.