Goierriko pentsiodunak deitu dituzte 'Bertsopentsiotan' ekimenean parte hartzera
Martxoaren 1ean bertso jaialdi-bazkaria egingo dute, Tolosan, pentsiodunen aldarrikapenak gai hartuta. Jaialdira joateko izena plazetako elkarretaratzeetan eman daiteke.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bertsopentsiotan ekimena antolatu du martxoaren 1erako. Goierriko Pentsiodunek ere bat egin dute ekimenarekin. Bertso jaialdi-bazkari bat izango da, Tolosan. Parte hartu nahi dutenek plazetan eman behar dute izena, pentsiodunen elkarretaratzeetan.
Bertso saioa, kalejira eta bazkaria egingo dituzte. 13:00etan Tolosako Triangulo Plazatik kalejiran abiatuko dira, 14:00etan elkarrekin bazkalduko dute Zerkausi Plazan (kostua 15 eurokoa da), eta bertso saioa izango da ondoren, pentsiodunen aldarrikapenak gai hartuta.
60 urtetik gorako edozein pentsiodunek parte har dezakete, hiru edo sei bertsoren ekarpena eginez. Dagoeneko 60 bat lagunen bertsoak jaso dituzte.
Ahalik eta pentsiodun gehien elkartu nahi dituzte egun horren bueltan, eta horregatik Goierrin ere pentsiodunak deitu dituzte jaialdian parte hartzera. 200 bat izango direla aurreikusi dute. “Ez da jaialdi huts bat edo pentsiodunen kultur emanaldi soila izango. Askoz gehiago da: euskal pentsiodunen ekimena da, bertsolaritzaren espresabidea hartuko du eta ikuspegi horretatik kultur-ekimena da, pentsiodunen euskal-kultur ekimena”, azaldu du talde sustatzaileak.
Tolosan ez dituzte bidali diren bertso guztiak kantatuko, baina hurrengo asteetan jasotako guztiak bildu eta zabalduko dituzte.