Medikuak Ataunen plataformak 626 sinadura aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean
Herriko mediku zerbitzua bermatzeko eskatzeko, gaur goizean eraman dituzte ordezkariek Ataunen bildutako erreklamazio orriak
Ataungo mediku zerbitzuan sortu den gabeziarekin desadostasuna adierazteko eta arazoari konponbidea emateko eskatzeko, Medikuak Ataunen plataforma herritarrak gaur goizean eraman ditu Eusko Legebiltzarraren sarrera erregistrora herrian bildutako 626 erreklamazioak.
Duela aste batzuetatik hona, Ataunen ez daukate lehen arretako medikurik. Lehen zeuden bi medikurik gabe geratu dira, lekualdaketen eta baja-ordezkapen ezaren ondorioz. Egoera horretan, Osakidetza astean bi egunetan Olaberritik eta Lazkaotik bidaltzen ari da medikua, ordu batzuetarako.
Gabeziarekin eta egoerarekin goiti eginda, ataundarren artean 626 erreklamazio bildu dituzte. Kexak kexa, Administrazioaren erantzun gutuna bat etxeetara iritsi dela argitu du plataformak, “prepotentziaz eta gezurrez jantzita”: “Ataunen medikuntza zerbitzua bermatuta omen dago, lehen arreta zerbitzu osoa hankapetik pasa dutenean. Eta honekin konformatzea nahi dute, isil gaitezela, utzi ditzagula bakean”, salatu dute plataformakoek gaur, ohar batean.
Osakidetzak jarri duen soluzioa ez dela irtenbidea iritzi diote: “Agerikoa da honelako herri baten zerbitzua erdi estaltzeko albokoarena itotzea biderik zuzenena dela erdipurdiko bi izateko”. Osasun arreta publikoak erantzun ezinda, arlo pribatura joan behar izan duenik ere badela gehitu du plataformak.
Osasun zerbitzu “duina” exijitu diote ataundarrek Eusko Jaurlaritzari, “kalitatezkoa eta publikoa”. “Herri duina gara, langilea, eta beste edonori bezala, geure ere eskubideak errespetatuko zaizkigu. Ez dugu onartuko, gaiztotz ala utzikeriaz, inoren kalkuluetan bigarren mailako herritarrak izaterik”, bukatu du irakurketa Medikuak Ataunen plataformak.