Ur sarea luzatzea eta azpiegiturak izango dira Gabirian aurtengo erronka
Madariaga auzoraino edateko uraren hodia luzatzeko egitasmoa lantzen ari da udala, bizilagunekin batera. Frontoiazpi kaleko hormaren mugimenduaren aferan, drainatzea hobetuko dute.
Gabiriako Udalbatzak urtarrilaren 31ko osoko bilkuran onartu zuen 2024rako udal aurrekontua. 758.937 euroko diru-saila da, eta horietatik 150.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara eta azpiegitura-lanetara. Sarrerei dagokienez, diru iturri nagusia foru aldundiaren funtsetik datorrena izango da (523.000 euro), zergen (119.000) eta tasen (58.000) aurretik.
Bi proiektu izango dira bereziak. Batetik, Madariaga auzora edateko uraren hoditeria luzatzeko asmoa dago, printzipioz, 14 baserri eta etxetara iritsiko litzateke herrigunetik. Ura agentziarekin eta bertako bizilagunekin batera ari da udala lantzen.
Herriko depositutik Ardantzako bidean zehar Otsategi ondoraino sartuko da uraren hodia, udalaren lehen aurreproiektuaren arabera. Han adar bat Izarrerdi-Mandiola aldeko etxeetara aterako litzateke, eta beste adarrak Madariaga ondora segiko luke, handik banatzeko Noaretxeberri, Muintegi, Eizmendi eta inguruko etxeetara. Altuera-maila igoko denez, punpaketa-sistema beharko da, eta ikusteko dago Madariaga inguruan beste depositu bat beharko den edo ez.
Proiektuaren kostuaren lehen estimazioa 320.000 gehi BEZa da, gehiago zehaztearen faltan gerta daitezkeen aldaketen eta epeak finkatu aurretik. Proiektua 2024an definituko dute.
Frontoiazpin, drainatzea
Beste lan kostotsu bat Frontoiazpi kaleko etxebizitza eremuari eusten dion harrizko hormaren mugimendua konpontzea izango da. Zenbait obraren ondorioz deuseztuta geratua zatekeen drainatze sistema berregingo dute, lehenbizi. Goiko kaleko etxeetatik doazen urak berriro hartuko dituzte. Aldundiari bileran aurkeztu dio udalak arazoa eta balizko irtenbidea.
Aurrekontuak onartzeko udalbatzarrean, bestetik, udal eraikinen garbiketa egiten duen enpresarekin kontratua berritzea onartu zen. Bi urterako da itun berria, eta hirugarrena luzagarri. Bestetik, etxez etxeko laguntza emateko zerbitzua ere lizitaziora ateratzea onartu du udalak. Lehenbiziko aldiz, enpresa batekin kontratatuko du udalak zerbitzu hori.
Azken bi asteetan, herrian zehar zenbait asfaltatze lan ere gauzatu ditu udalak. Batetik, Gabirizar baserrietarako ireki duten bide berrian bota dute geruza. Ardantzako bidean ere zenbait une azalberritu dituzte, Red Electricak finantzatuta, dorreak eraikitzearen erasanaren truke.