Ferian ere ospatu da San Valentin
Maiteminduen egunarekin bat eginda, ez dira faltatu erromantizismo kutsuko gaiak gaurko ferian, izan bihotz formako gozoak izan loreak. Aldi berean, patata ereiteko garaia iritsi da, eta Javier Lacallek ekarri du aurten ere.
Askotan esan da santutegiak izaten duela eragina Ordiziako feriako eskaintzan, eta duela gutxi San Blas inguruan opilak salgai jarri zituzten bezala, oraingoan San Valentin egunarekin lotutako gaiak izan dira.
Gaur da San Valentin, maiteminduen eguna, eta ospakizun horren harira bikoteari opariak egiteko ohitura galtzen ari bada ere, usadio horrekin fidel jarraitzen dutenek izan dute Ordizian zer erosi.
Batetik, Astigoxo gozogileek bihotz formako gailetak eta tartak egin dituzte propio egun honetarako, eta Susanne Klemm aritu da gaur goizean saltzen: hiru gaileta 2 euroan, eta tarta zatiak 3,5 euroan.
Bestetik, Maria Dolores Mendizabalek ere egin dio keinu ospakizun berezi honi, eta lore sortak eman dizkie aukeran bezeroei: sei arrosa gorriz osatutakoak, eta lore nahasiekin egindakoak. Bi motatako sortak 20 euroan izan ditu salgai.
Ondoan postua duen Iñaki Azanza eszeptikoagoa da San Valentin egunarekin, eta urtero esaten du maiteminduena desagertzen ari den espeziea dela. Horregatik, gaurko eguna ohiko eskaintzarekin egin du, hori bai, lore berri bat aurkeztuta: nartzisoa (2,5 euroan bakoitza).
Ereiteko patata
Feriak, bestalde, izan ditu bestelako gaiak ere salgai, eta horien artean, berria izateagatik, ereiteko patata aipatu behar da. Urteroko moduan, Javier Lacalle aguraindarrak jarri du salgai. Izan ere, hasi da lan horretarako garaia.
Aurten ere Arabako Bernedotik ekarri du patata. «Oso paraje aproposa da hazitarako patatarako. 700 metro inguruko altueran dago, eta hori kalitatearen onurarako da», azaldu du Lacallek, aukeran dituen mota desberdinen berri ematearekin batera: Spunta, «egosteko, erdi goiztiarra»; Agria, «frijitzeko, eta gehien erabiltzen dena»; Jaerla, «goiztiarra»; Monalisa, «onena, gutxi ematen du baina kalitate altukoa da», eta Desiree, «gorria». Kiloa euro baten eta 1,20 euro bitartean du salgai. Eta jendea erosten hasita dago, azken egunetako eguraldi onak bultzatuta batez ere.
Ordizian ere, eguraldi ona izan da gaur goizean, ateri eta aurreko astean baino epelagoa. Hori dela eta, herriko erdigunean jende dezente ikusi da goiz erdialdetik aurrera batez ere, eta giro polita egon da. Horretan izan du eragina Bilbotik etorritako jubilatu taldeak, eta D’elikatuz zentroaren bitartez ferian postuz postu bisitan eta erosketak egiten ibili diren Urretxuko Gainzuriko eta Donostiako Ikasbideko ikasle gaztetxoak.
Abel Goibururen agurra
Agurren eguna ere izan da gaurkoa, Abel Goiburu gaztagileak amaitutzat eman duelako gazta salmentaren denboraldia. Urtean 2.000 bat gazta egiten ditu Idiazabalen duen gaztandegian, eta denak saldu ditu dagoeneko.
Etxean eta ferian saltzen du batez ere, azken urteetan ferian etxean baino gehiago. Horregatik, ez du saltzeko asteazkeneroko hitzordu hau, eta gustura itzuliko dela esan du. Apirilaren hasieran bueltatuko da, Artzain Egunarekin batera.
Oliba olioa
Feriara iritsi den produktu berri bat ere aipatu behar da, oliba olio ekologikoa. Duela aste batzuk hasi ziren saltzen Uliako Labeko kideek, eta Nafarroako Corellan duten komunitateko olibondoetako Arbequina motako olibekin egindakoa. La Noria markakakoa da, Corellako lursailaren izenari erreferentzia eginez.
Aste honetan olio berria hasi dira saltzen, 13 euroan litroa bost edo bi litroko plastikozko ontzietan erosiz gero, eta 14 euroan litroa litroko, hiru laurdeneko edo litro erdiko kristalezko ontzietan erosiz gero.