Oxida taldearen lehen lana ezagutzeko aukera larunbatean, Urretxuko Gaztelekun
Legazpiko Subeltzan du egoitza laukoteak. Iazko azaroan kaleratu zuen hiru abestiz osatutako album txikia. Goierriko Anker eta Tolosaldeko Meliora taldeekin joko du kontzertuan.
Legazpiko Subeltza kolektiboaren lokaletan du egoitza Oxida taldeak, eta bertan sartutako orduen emaitza da horren lehen lana: No encontrareis sentido al caos EP-a edo album txikia. Iazko azaroan kaleratu zuten, eta ordutik bere aurkezpen biran daude murgilduta taldea osatzen duten Goierriko musikariak.
Larunbatean da biraren hurrengo geldialdia, Urretxu-Zumarragako Gaztelekun, Anker eta Meliora taldeekin batera egingo duten kontzertuan. 22:30ean hasiko da, eta sarrera borondatea izango da. Musika gogorra gustuko dutenek galdu ezin dezaketen hitzordua da.
Rust’n’roll musika
Oxida 2022an Legazpin sortutako rust’n’roll talde gipuzkoarra da. Lau kidek osatzen dute banda. Urkok ahotsa jartzen du, Albik gitarra jotzen du, Raff baxu jotzailea da, eta War bateriaz arduratzen da.
Death’n’roll, groove metal, stoner, hardcore punk eta rock oldarkorra dira Oxidak egiten duen musikan elkartzen diren estiloak. Guztiek dute lekua iaz grabatu zuten No encontrareis sentido al caos lanean. Hiru abesti biltzen dituen EP bat da, eta Spotify, Youtube Music edo iTunes bezalako musika plataformetan entzun daiteke. Formatu fisikoan ere salgai dago.
Anker eta Meliora
Goierriko Anker eta Tolosaldeko Meliora izango ditu ondoan Oxidak larunbateko kontzertuan, biak ere musika gogorra jorratzen duten formazioak.
Harreman estua du Oxidak Ankerrekin, biak Legazpiko Subeltzako kideak izateaz gain, Urkok lehen bertan jotzen zuelako. Anker utzi zuenean, Unax Anzak hartu zuen bere lekua baxuarekin, eta horrela osatu zen oraingo formazioa, lehendik zeuden Joanes Legarda-Ereño gitarra jotzaile eta ahotsarekin, Eneko Altzelai gitarra jotzailearekin eta Jon Unzurrunzaga bateria jotzailearekin. Anker Lurperatutako istorioak bere bigarren lana aurkezten ari da azken asteotan. Trash metal melodikoa jorratzen du.
Meliora taldeak, berriz, rock-aren, rock gogorraren eta heavy metalaren nahasketa jotzen du. 2018an sortu zuten taldea Tolosaldean Ivan Ropero bateria jotzaileak, Iñaki Mujika abeslariak eta gitarra jotzaileak, Jokin Iraola baxu jotzaileak eta Markel Galarraga gitarra jotzaileak. Disko bat dute kaleratuta, Aethereus.