Gosari osasungarrien kanpaina iritsi da ikasturte honetan ere Legazpiko ikastetxeetara
Bihar Olazabaleko DBH-1eko ikasleek institutuan gosalduko dute. Udalak emandako bertako produktu ekologikoekin egingo dute gosaria.
Gosari osasungarrien kanpaina gauzatzen ari da ikasturte honetan ere Legazpiko ikastetxeetan, eta azaroan Haztegi ikastolako DBHko lehen mailako ikasleengana bezala, bihar Olazabal institutukoengana iritsiko da.
Jarduera 08:15ean hasiko da. Ordu horretan, ikasleak Legazpiko Osasun Zentroko arduradunarekin eta pediatriako erizainarekin elkartuko dira, eta produktu osasungarriak gosaltzea zein garrantzitsua den azalduko diete. Ondoren, udalak emandako bertako produktu ekologikoekin eta institutuak berak emandako esne, kakao eta olioarekin osatutako gosaria dastatuko dute.
Legazpiko Udalak Bertatik Bertara ekimeneko honako produktuak eskainiko ditu: Legazpiko Makatza baserriko ogia, Urretxuko Agerre baserriko jogurtak eta Itsasoko Urkulegi baserriko intxaurrak. Aldi berean, Mari Carmen fruta dendan erositako sagar eta mandarina ekologikoak ere eskainiko ditu.
Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programa
Gosari osasungarria Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programaren barruan kokatzen da. Besteak beste, nerabeen artean ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea du helburu.
Programa aurrera eramateko, Osasun Zentroak, ikastetxeek eta Udalak elkarlanean jarduten dute.