Mongolia, Aitor Casado eta Mar Torrijosen azken bidaia
Bidaiari buruzko 'Mongolia, nomaden lurraldea' ikus-entzunezkoa eskainiko dute bihar Kultur Etxean, 19:00etan.
Mongolian izan ziren iaz oporretan Aitor Casado eta Mar Torrijos, eta bidaia hartan ateratako irudiekin sortu duten Mongolia, nomaden lurraldea ikus-entzunezkoa eskainiko dute bihar ostirala, Kultur Etxean, 19:00etan.
Ohi bezala, Casadoren eta Torrijosen emanaldia lau zatitan egongo da banatuta.Lehenik, Mongolia bera aurkeztuko dute, eta besteak beste, datu demografikoak, geografikoak, ekonomikoak, historikoak, kulturalak eta klimatikoak emango dituzte, ikuspegi orokorra emateko. Ondoren, herrialde hartan egin zuten ibilbidearen berri emango dute, eta hainbat puntu garatuko dituzte: budismoa, yurta edo etxe tipikoa, abeltzaintza,kanpaleku nomadak, bertako moneta, errepideak, paisaia ikusgarriak, Ulan Bator hiriburuko kutsaduraren arazoa, eta Transmongoliano trenbidean eta UAZ furgonetetan bidaiatzearen esperientzia.
Ondoren, ikus-entzunezkoa bera proiektatuko dute, 35 minutuko iraupenekoa. Irudiak, bideoak eta Mongoliako musika uztartzen ditu lanak.
Galderak egiteko aukera zabalduko diote ondoren publikoari, eta amaitzeko, saria eta guzti izango duen joko interaktibo bat planteatuko dute.
Mongoliara egindako bidaia honi buruzko informazio gehiago bikotearen www.pasaporteawonderland.com blogean dago, eta oso baliagarria izan daiteke emanaldiaren jokorako .