'Obsoletus' lanak irekiko du larunbatean Legazpiko antzerki denboraldia
Latxartegi aretoan izango da emanaldia, 19:30ean, eta sarrerak salgai daude Interneten. Maiatzera arte hilean emanaldi bat izango da, baita urritik abendura arte ere.
Legazpiko aurtengo antzerki programazioari hasiera emango dio larunbatean Obsoletus lanak. Latxartegin izango da Anodino Teatro konpainiaren emanaldia, 19:30ean. Hilean behin izango da antzerkia aurrerantzean Legazpin.
Lokarturiko borrokentzako komedia soziala da Obsoletus, eta Pako Revueltas zuzendariaren aginduetara, Aiora Sedanok, Aitor Fernandinok eta Juanjo Oterok taularatuko dute.
Sarrerak salgai daude on line https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ webgunean, 10 euroan, baina, oraindik geratzen badira, emanaldiaren aurretik ere erosi ahal izango dira leihatilan, 18:30etik aurrera.
Hurrengo emanaldiak
Hemendik aurrera, hilean antzerki saio bat eskainiko dute Legazpin, maiatzera arte eta gero, urritik abendura bitartean.
Hurrengo beste bi emanaldiak zehaztuta daude, biak Txalo Produkzioarenak: martxoaren 16an, Kanpora sartzen, Xabin Fernandez eta Intza Alkain aktoreekin, eta Aitziber Garmendiak eta Sara Cozarrek zuzenduta; eta apirilaren 13an, Baginaren elkarrizketak, Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia eta Intza Alkain aktoreekin.