HAPO berria lantzeko bi saio egingo ditu udalak hilaren 19an eta 21ean
Bi bilerak Kultur Etxean egingo dituzte, 18:00etan. Legazpiar guztiei daude zuzenduta.
Legazpiko Udala hasi da Herriaren Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) herritarrekin lantzeko saioak egiten, eta dagoeneko, pertsona nagusiekin bildu dira udal ordezkariak. Lehen bilera hori aste honetan egin dute, Gizarte Zentroan. “Ekarpen ugari jasotzeko balio izan duen saio interesgarri bat” izan da.
Datorren astean beste bi saio egingo dituzte. Hilaren 19an, hurrengo astelehena, eta hilaren 21ean, hurrengo asteazkena, izango dira, biak 18:00etan, Kultur Etxeko ikastaro gelan. Herritarren ikuspuntuak, kezkak, gurariak, kexak eta iradokizunak ezagutu nahi dituzte horrela, «etorkizuneko Legazpi elkarrekin lantzeko».
HAPO berria idazteko prozesua martxan du udalak, eta dokumentuaren aurrerapena onartuta dago. Dokumentu hori jendaurrean dago ikusgai, www.legazpi.eus webgunean.