«Orain arte, emozioen gaiak ez dira landu komikietan»
Bartzelonan bizi da Beñat Olea (Legazpi 1987), eta diseinatzaile grafikoa da lanbidez. Iazko urrian ‘Eki en las nubes’ komiki liburua argitaratu zuen, eta pertsonaia horrekin lanean jarraitzen du.
Nola sortu zen Eki en las nubes?
Pandemian hasi nintzen, produktibo izateko edo. Beti izan ditudan ideiak komiki bihurtzea nahi nuen, eta hura izan zen bidea. Web komiki bat zen, Interneten argitaratzen nituen Ekiren inguruko istorio solteak, eta sare sozialetan zabaltzen nituen.
Eta paperera eraman zenituen.
Bai. Jendeari gustatu egiten zitzaien, eta duela urte bete, orain Penguin Random House taldean dagoen Sapristi argitaletxea harremanetan jarri zen nirekin paperera eramateko. Horretarako, istorio guzti haiek komiki liburu batean laburbildu nituen.
Zein da Eki?
Mutiko gay bat da Eki, eta haren inguruan pertsonai gehiago sortu nituen, Ekiren lagun taldea. Haien bidez, harremanen ingurugo gaiak lantzen ditut. Eki besteekin, munduarekin eta bere buruarekin harremanetan nola jartzen den kontatzen dut batez ere. Azken finean, emozioak nola garatzen ditugun erakusten dut oso modu alaian, beti umore puntuarekin.
Orain arte, emozioen gaiak ez dira landu komikietan, eta niri interesgarria iruditu zitzaidan neure komikia egitea horien inguruan.
Eta zein da emaitza?
Komedia erromantiko bat, Ekiren amodio istorio bat, modu komikoan tratatua. Baina Eki oso pertsona naif-a da, inozente samarra…. eta bere beldurrak eta segurtasun faltak ere azaltzen dira.
Norentzako da?
Helduentzako batez ere, badituelako eszena esplizitu batzuk Azken batean, Ekiren harremanak ez dira emozioen bitartekoak soilik, eta sexua ere agertzen da. Hala ere, nerabeekin lantzeko gaiak ere izan daitezke.
Gay-ei edo LGTBI kolektiboari zuzendutakoa al da?
Liburuan emozio unibertsalak jorratzen dira, eta alde horretatik, edozeinek irakurtzeko modukoa da. Egia da protagonistak mutil gay batzuk direla, baina edonor sentitu daiteke identifikatuta istorio horietan.
Alde horretatik, eskertzekoa da argitaletxeek horrelako LGTBI istorioei, beste errealitate batzuetako istorioei erreparatzea. Orain arte hutsune bat zegoen, beti jaso izan ditugulako istorio normatiboak.
Nolako harrera izan du Ekik?
Bartzelonan, Bilbon, Madrilen eta Valladoliden aurkeztu dugu, eta ondo hartua izan da. Sare sozialietatik iritzi baikorrak ere jasotzen ari naiz. Orain, komiki azoketara eramango dugu.
Non erosi daiteke?
Paperezkoa, beti bezala, liburu dendetan eskatu daiteke, eta formatu digitalean ere salgai dago.
Zure lehen argitalpena al da?
Ez. Nik diseinatzaile grafiko gisa egiten dut lan, baina ilustrazioak ere egiten ditut, haurrentzako ipunetan edo eleberrien azaletarako. 20218an istorio laburren bilduma zen Ajuar funerario komikiko ilustrazioak egin nituen. Oraingoa, oso-osorik da nirea, gidoia eta guzti.
Zertan ari zara orain?
Ekirekin jarraitzen dut, komiki hau gehiago garatzen ari naiz.
Non gehiago ikusi daiteke zure lana?
Patreon izeneko plataforma digitalean. Beste artista batzuek bezala, nire profila dut sortuta hor, eta harpidetza bat ordainduta, nire edukiak edo nire lanak ikusteko aukera dago. Oraintxe, Ekiren kapitulu berriak daude bertan. Gero ikusiko dugu liburua argitaratuko dugun.