Herrietako kanporaketen azken asteburua da hurrengoa
Goierriko herri gehienetan jokatu dira. Sei kanporaketa jokatu dituzte asteburu honetan. Zeraingo Liztormendi elkartean jokatuko dute azkena, ostiralean.
Euskal Herriko 15. mus txapelketako herrietako kanporaketen egutegia amaitzear da; otsailaren 25era arte luzatuko da. Goierriko herri gehientsuenetan jokatu dituzte, dagoeneko, kanporaketak. Asteburu honetan Ataunen, Urretxun eta Zumarragan, Araman, Beasainen, Idiazabalen eta Itsasondon aritu dira musean. Zerainen, datorren ostiralean, otsailak 23 egin dute hitzordua; 22:30ean Liztormendi elkartean. Izen ematea ordu erdi lehenago izango da leku berean.
Ostiral iluntzean jokatu ziren Ataun, Arama eta Urretxu-Zumarragako kanporaketak. Ataungo Pelotazale elkartean hogei bikote aritu ziren musean. Asteburu honetako saio jendetsuena izan zen. Beñat eta Kepa izan ziren irabazleak, Tonsom eta Iñaki,bigarren eta Beñat eta Axel, hirugarren. Hiru bikoteek jokatuko dute herrialdeko kanporaketa.
Araman bost bikotek eman zuten izena Arrikutz elkartean jokatu zuten saiorako. Inazio Aiertzak eta Antonio Artolak irabazi zuten —Gipuzkoakoan ere parte hartuko dute, hortaz—; Jose Manuel Ezkerrak eta Ramon Jimenezek egin zuten bigarren.
Goierri kirol elkartea izan zen topalekua Urretxu-Zumarragan. Zortzi bikote aritu ziren nor baino nor, baina Unai Andres eta Josu Zabalo izan ziren irabazleak eta Gipuzkoako kanporaketarako txartela lortu zuten bakarrak.
Bi kanporaketa, larunbatean
Larunbaten beste bi saio jokatu ziren; Idiazabalen eta Beasainen. Zortzi bikote elkartu ziren Idiazabalgo Arretxe elkartean «oso giro ederrean». Aitor Vazquez eta Julen Murua izan ziren irabazleak eta Gipuzkoarako sailkatu zirenak. Bigarren egin zuten Miguel Angel Goikoetxea eta Mari Jose Iparragirre senar-emazteek.
Beasaingo kanporaketa Arrano tabernan jokatu zen, eta hura ere jendetsua izan zen parte hartzaileen aldetik. Hamasei bikote aritu ziren, baina bik soilik lortu zuten Gipuzkoako kanporaketarako txartela: Aitor Martin eta Unai Goikoetxea irabazleek eta bigarren egin zuten Joxe Arozenak eta Bixente Apalategik. Zegaman ere egitekoa zen mus saioa larunbat arratsaldean, baina bertan behera geratu zen, inor ez baitzen parte hartzera gerturatu.
Itsasondoko Arbel-aitz elkartean jokatu da asteburu honetako azkena. Zazpi bikoteren artean egon zen lehia baina, azkenean, Joseba Goikoetxea eta Patxi Salazarrentzat izan zen garaipena.
Hurrena, Gipuzkoakoa
Behin herrietako kanporaketen egutegiarekin amaituta, —asteburu hau izango da azkena—, zazpi herrialdetako kanporaketak jokatuko dira martxoaren 9an. Gipuzkoakoa Irurako pilotalekuan izango da, 15:00etan hasita. Euskal Herriko finala martxoaren 23an da, Zuberoako Altzai herrian.