Lazkaon 24 orduko areto futbol txapelketa antolatu dute, martxoko lehen astebururako
Martxoaren 2an eta 3an jokatuko dute, kiroldegian eta ikastolan. Batxilergoko 2. mailako ikasleek antolatu dute, ikas-bidaiarako lagungarri. Izena ostiralera arte eman daiteke.
Lazkaoko 24 orduko areto futbol txapelketa martxoaren 2an eta 3an jokatuko da, San Benito ikastolako batxilergoko 2. mailako ikasleek antolatuta. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete, gutxienez bost laguneko taldea osatuta. Kiroldegian izango dira partidak, eta, beharraren arabera, ikastolako jolastoki estalian ere bai.
Izena emateko epea zabalik dago, eta ostiralera arte (otsailak 23) apuntatu ahalko da. Taldeko 90 euro ordaindu behar da, eta emailez (lazkaoko24orduak2024@gmail.com) edo Instagram bidez (@lazkaoko24orduak) bidali behar dira taldearen nahiz taldekideen izenak, eta arduradun baten telefono zenbakia.
Sariak ere izango dira. Lehen talde sailkatuak 200 euro, bi txuleta, kaxa bat sagardo eta Orekako produktu sorta bat jasoko du. Bigarren taldeak 120 euro, bi oilasko, gazta eta Arruabarrenako kaxa bat pasta. Hirugarren taldeak, berriz, 90 euro, bi botila ardo eta ijito beso bat ditu saritzat. Lazkaoko komertzio eta ostalari askoren babesa lortu dute lehiaketarako, eta haien ekarpenekin gauzatu ahal izan dute.
Ikasturte bukaerako bidaia ordaintzen laguntzeko antolatu dute txapelketa, bi kuadrillaren artean. Batzuk Mallorcara joateko asmoa dute, eta besteak Interrailen Europan barrena ibiliko dira.