Jon Luqui izango da Urola Garaia mankomunitateko lehendakaria
Lehendakariordeak Julen Azpeitia, Mikel Serrano eta Alberto Bezunartea izango dira.
Gaur arratsaldean Urola Garaia mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordeak hautatu dituzte. Batzarra Urretxuko udaletxean egin dute. Lau udaletako 46 zinegotziak zeuden deituta. Legazpiko EAJko Miriam Galilea izan da parte hartu ez duen bakarra, kanpoan baitago. EH Bilduk 15 zinegotzi ditu guztira, EAJk 13, PSE-EEk 10, Ezkio Eraikizek 7 eta Legazpiko Berdeak+Independenteakek bat.
Lau hautagaitza aurkeztu dira eta bozkatuena Jon Luqui buru zuen EAJrena izan da. EAJk 22 boto lortu ditu. EH Bilduk (Julen Azpeitia) 15 boto lortu ditu, PSE-EEk (Mikel Serrano) 6 eta Legazpiko Berdeak+Independenteakek (Alberto Bezunartea) bat. Hala, lehendakaria Jon Luqui izango da. Lehen lehendakariordea bigarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia izango da (Julen Azpeitia, EH Bildu), bigarren lehendakariordea hirugarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia (Mikel Serrano, PSE-EE) eta hirugarren lehendakariordea laugarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia (Alberto Bezunartea, Legazpiko Berdeak+Independenteak).