Kimetz Emakumeen Elkarteak 30. kontaketa lehiaketa jarri du martxan
Lanak bidaltzeko epea ireki dute jada, eta apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. Bakoitzak nahi duen gaiari buruz idatzi dezake. Iaz 421 istorio jaso zituzten, horietatik 42 Euskal Herritik.
Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak kontaketa lehiaketa jarri du martxan beste urte batez. Hogeita hamargarren aldia izango da aurtengoa. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 19ra arte egongo da irekita, eta ondoren, epaimahaiaren erabakia maiatza-ekaina aldera jakinaraziko dute.
Parte hartu nahi dutenek kimetzemakumeenelkartea@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dituzte proposamenak, testuan egilearen izenburua eta leloa adierazita. Bigarren mezu batean, gaiaren izenburua, leloa eta egilearen datuak adierazi behar dituzte. Partaide bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake, gutxienez 5 eta gehienez 10 orrialdekoa, nahi duen gaiaren inguruan.
Euskarazko zein gaztelaniazko lanak onartuko dituzte. Hala, bi sari banatuko dituzte ohi bezala, hizkuntza bakoitzeko 600 euroko sari bana. Sarituetako bat gutxienez ez bada emakume batena, emakume batek idatzitako kontakizun onenarentzako sari bat ere banatuko dute, 200 eurokoa. Ordiziar batek idatzitako kontaketarik onenarentzat, 150 euroko saria egongo da.
Epaimahaia literatur munduko adituek osatuko dute eta haien izenak erabakiarekin batera jakinaraziko dituzte. Ez dituzte berriz sarituko azken hiru urteetan irabazle izandakoak.
Euskaraz, hamasei
Iazko lehiaketa Arrigorriagako Iskander Hamawy Lopategik –117 lanarekin- eta Buenos Aireseko Emilce Mariel Acuñak –Complicidad lanarekin- irabazi zuten. Nazioarteko lehiaketa da. Iaz 421 ipuin jaso zituzten, horietatik 42 Euskal Herritik, Espainiatik 234, Europatik 8 eta Amerikatik 137. Horietako 290 gizonek idatzitakoak izan ziren eta 131 emakumeek idatzitakoak. Euskarazko 16 jaso zituzten, eta gaztelerazko 405.