Musikaldian kontzertu sorta bat joko dute Lazkao Txiki eskolakoek, aste honetan Lazkaon
Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean dira emanaldiak, Arerian. Martxoaren 2rako, trikiti jaialdia antolatu dute.
Lazkao Txiki musika eskolak Musikaldia egingo du, aste honetan. Musika-tresnak ikasten ari diren ikasleen emanaldiak antolatu dituzte, asteazken, ostegun eta ostiralerako, bai bakarka, taldetxoetan edo konbo taldeetan.
Arerian izango dira kontzertu guztiak. Asteazkenean eta ostegunean bina emango dituzte, 17:00etan aurrenekoa eta 18:30ean bigarrena; ostiralean, azkenik, bakarra izango da, 18:30ean hasita.
Bihar, asteazkena, lehen txandan musika tailerreko bi talde, eta tresnetako ikasleen entzunaldia izango da. Bigarrenean, hastapenekoak eta beste tresna batzuetakoak.
Ostegunean, lehenbiziko saioan hezkuntza goiztiarra, tailerra II-B, gazteak eta tresnetakoak ariko dira; ondoren, hastapenekoak eta beste tresnetakoak. Azkenik, etzi, ikasle helduen kontzertua entzun ahalko da. Sarrerak doan dira.
Trikiti topaketa martxoan
Martxoaren 2rako, berriz, Lazkaoko Trikiti Jaialdia prestatu dute. Trikitilarien arteko topaketa modura izango da, 17:00etan plazako frontoian.Orain arteko trikitilari gazteen txapelketaren lekua hartuko du jaialdiak.
Gonbidatu bereziek joko dute: Alaitz Telletxea, Iker Goenaga eta Fredi Pelaez batetik; Arbeo, Garixe, Maltzeta eta Attola gero; eta Iraitz Artzelus, Araitz Etxaniz, Mirari Plazaola eta Elaia Diaz ondoren.
Musika eskolako trikiti ikasleek ere parte hartuko dute. Iker Makibar, Natale Gutierrez, Nerea Postolachi eta Aiara Aizpurua ariko dira batetik; Hodei Intsausti, Saioa Berasategi eta Ane Urretabizkaia bestetik. Kalejira batekin amaituko dute jaialdia.