Martxoan Bertsoa txapelketako lehen kanporaketa ostiralean jokatuko da
Lehenengoz Antzuolako talde batek parte hartuko du.
Ostiralean Martxoan Bertsoa zikloaren 22. edizioa hasiko da. Taldekako txapelketaz gain, antzerki saio bat eta bertso musikatuen emanaldia antolatu dituzte. Martxoan Bertsoa Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak antolatzen du, bi udalen laguntzarekin.
Ostiralean taldekako txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da. Aurten hiru kanporaketa jokatuko dira eta bakoitzean hiru taldek parte hartuko dute. Guztira 27 bertsolarik parte hartuko dute.
Urretxu eta Zumarragako taldeez gain, urtero kanpoko talde batek edo gehiagok parte hartzen du. Urtero Legazpiko talderen batek parte hartzen du eta, aurten, Legazpikoez gain, Antzuolako talde bat arituko da.
Ostiraleko kanporaketa Urretxuko Soraluze taldean jokatuko da. Bertso Olariak, Nerbio Ziotikoak eta Miletoko Fideua taldeek parte hartuko dute.
Bigarren kanporaketa martxoaren 1ean jokatuko da, Urretxuko Fox tabernan. Bandolerok, Xelebrek eta Botxan Magoa taldeek parte hartuko dute.
Hirugarren eta azken kanporaketa Zumarragako Urola tabernan izango da. GI-632, Unibertsolariak eta Oso Zoroa taldeek parte hartuko dute. Bertso Olariak taldea Legazpikoa da eta GI-632 taldea Antzuolakoa. Gainontzeko guztiak Urretxu-Zumarragakoak dira.
Kanporaketa guztiak 22:30ean hasiko dira. Kanporaketa bakoitzeko lehenengoa final handira sailkatuko da. Finala martxoaren 23an jokatuko da, 19:30ean, gaztetxean.
Horretaz gain, Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak antzerki saioa eta bertso musikatu emanaldia antolatu ditu.
Martxoaren 15ean Ekida taldeak Plaza hau gurea da lana antzeztuko du Urretxuko Labeaga aretoan. Antzerki emanaldia 19:00etan hasiko da. Ekida Arte Ekimen Sozialistaren bigarren antzezlana da eta satira politikoa eraman dute erdigunera oraingoan. Antzezlana Oñatin estreinatu zuten eta Zumaian ere antzeztu dute.
Bertso musikatu saioari dagokionez martxoaren 22an izango da, Urretxuko gaztetxean. Emanaldia 22:00etan hasiko da.