Bisitek ere girotzen dute feria
Berritasunik ez da izan, baina giro onak ez da hutsik egin Ordizian feriaren gaurko hitzorduan. Ikasleen bisitak ia astero iristen dira, eta azkenak Urretxukoak eta Irungoak izan dira.
Neguko garai hauek ez dira onenak feriara produktu berriak eramateko, eta azken asteetan eskasia dago alderdi horretatik Ordiziako asteazkeneroko hitzorduan. Hala ere, beti dago zer kontatu, eta gaur goizean, kanpotik joandako ikasleen bisitek eta sagar kontuek eman dute horretarako bidea, laster iritsiko diren ilarrekin eta babekin batera.
Datozen asteei begira, une honetan Plaza Nagusian dauden hutsuneak poliki-poliki betetzen joango direla ere esan behar da, batzuk denboraldi berriko produktuekin itzuliko direlako ohiko salmentara, eta beste batzuk, postua hartuta estreinakoz hasiko direlako Ordizian. Ongi etorriak izango dira guztiak.
Urretxuko eta Irungo ikasleak
Bisitari taldeak izaten direnean, feriak eta Ordiziako erdiguneak orokorrean bizia hartzen du, giro berezia izaten da. Udaberria gerturatzen ari dela, geroz eta ikasle gehiago izaten dira feria bisitatzen, eta aurrerago, bestelako taldeak ere iritsiko dira, jubilatuak horien artean.
Gaur, Urretxuko Gainzuri eskola publikoko ikasle talde bate eta Irungo Eguzkitza institutuko beste bat izan dira. D’elikatuz zentroko gidarien laguntzarekin, gaztetxoak eta irakasleak postuz postu ibili dira erosketak, eta gertuko produktuak eta ekoizleak bertatik bertara ezagutzen.
Ilarrak iristear
Gaurkoa berritasunik gabeko feria izan da, baina hurrengo asteetan iritsiko diren ilarrak eta babak izan dira hizpide. Negua hala moduz joan denez, ilarrak oraindik oso txiki daudela esan du baserritar batek, baina beste bi ekoizlek, negutegian hazitakoak hurrengo astean edo hemendik bi astera iritsiko direla aurreratu dute. Bitartean, landarea salgai dute oraindik Monteseko Patxi Izagirrek eta Arantxa Iparragirrek, bakoitza 0,20 euroan.
Babak, berriz, lorean daude hainbat sorotan, batzuetan leka botatzen hasita ere bai, eta horiek ere laster izango omen dira.
Sagarrak, agortzen
Sagar eskaintza, berriz, agortzen ari da. Gabiriako Jose Antonio Elosegik amaitu du salmenta denboraldia, eta ekainean itzuliko da, baina gereziekin.
Errezilgo Simon Aizpuruk eta Aramako Maite Zurutuzak, aldiz, oraindik jarraituko dute. Errezil, Topac eta Mendiola dituzte salgai bakarrik.
Fruta saltzaileenetan, orburua nagusi
Ilarrak eta babak ez dira oraindik iritsi Plaza Nagusira, baina Zuhaiztian egoten diren fruta saltzaileen postuetan erosi daiteke dagoeneko. Hala ere, esan behar da azken asteetan gune horretan gehien ikusten den produktua orburua dela. Almeriakoak (Espainia) eta Nafarroakoak, azken horien artean Tuterakoak bereziki, postu guztietan daude salgai, ohi den bezala, dozenaka. Gaur, orburu dozenak 6 eta 7,9 euro artean saldu dira.