Eneko Gutierrez legazpiarra, Malagako Zinema Jaialdian lehiatuko den 'Nina' filmeko aktoreen zerrendan
Legazpiarrak bigarren mailako aktore lanak egin ditu bertan. Andrea Jaurrietak zuzendu duen filmak jaialdiko sail ofizialean parte hartuko du lehian.
Eneko Gutierrez Lavandero mago legazpiarrak zinemaren mundura egin du salto, eta aktore lanak egin ditu Malagako jaialdiko sail ofizialean lehiatuko den Nina filmean. Andrea Jaurrietak zuzendu du pelikula, eta Gutierrez Lavandero bigarren mailako aktoreen zerrendan dago.
Malagako zinema jaialdia martxoaren 1etik 10era bitartean ospatuko da, eta sail ofizialean lehiatuko diren 19 filmen artean dago Nina. Maiatzean estreinatuko da zinema aretoetan. Andrea Jaurrietaren bigarren lana da. Ana de dia lehen lanarekin Goya sarien zuzendari berri onenen atalerako izendatu zuten
Mundakan eta Bermeon (Bizkaia) grabatu da filma, eta Patricia Lopez Arnaiz, Dario Grandinetti, Ana Piccarolo eta Iñigo Aranburu dira aktore nagusiak. Nina kostaldeko bere jaioterrira itzuli den 45 urteko emakume bat da. Herrian, omenaldia egin behar diote gaztetan bere bizitza suntsitu zuen gizonari, eta mendekatzea erabaki du.
Legazpiar gaztea Malagako jaialdian izango da, Nina filmaren aurrestreinaldian, familiakoekin eta lagunekin batera.