Legazpiko Zuhaitz eguna martxoaren 3an egingo dute, Arraseta mendian
Parte hartzeko izena eman behar da, eta hilaren 29a da horretarako azken eguna. 50na haritz eta ametz landatuko dituzte.
Legazpiko Zuhaitz eguna martxoaren 3an egingo da Arraseta mendian, eta udalak ireki du izena emateko epea. Hilaren 29a izango da horretarako azken eguna. Udalaren www.legazpi.eus webgunean eman behar da izena.
Ehun zuhaitz landatuko dituzte egun horretan, legazpiarren laguntzarekin: 50 haritz (Quercus petraea) eta beste 50 ametz (Quercus pyrenaica). Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainei esker, Legazpiko basoetan jasotako hazietatik sortutako landareak dira.
Zuhaitz egunean parte hartuko duten herritarrak udaletxe aurrean 09:30ean elkartuko dira, eta oinez igoko dira Arrasetara, Mantxolatik igarota. Jardueran zehar Arantzadi zientzia elkarteko Joseba Garmendia naturazaleak azalpenak emango ditu. Hamaiketakoa ere izango da partaide guztientzat, eta herrira eguerdirako jaistea aurreikusten da.
Arrasetan udalak duen pinudian duela bi urte bota ziren bost hektarea pinu ordezkatzen jarraitzeko egingo da zuhaitz landaketa. Baso kudeaketa jasangarrirako plana dago tartean, eta hemengo basoa berreskuratzea da helburua. Horretarako, udalak enpresa bat ere kontratatu du, bertan beste 1.500 haritz landatzeko. Gune horretan guztira 3.000 haritz landatuko dira.