Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek inoiz izan duten aurrekontu handiena dute aurten
Partida 2.357.930 eurokoa da, biztanleko 278,7 eurokoa. Familian esku hartzeko programa eta Gizarte Larrialdietako Laguntzak igo dira gehien. Ezkurrenea eta Gizarte Zentroa dira udal arlo horrek esku artean dituen proiektu handienak.
Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak orain arte izan duten aurrekontu handienarekin egiten ari dira aurre 2024 urteari. Udal aurrekontuetan 2.357.930 euro jaso dituzte Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza arlorako, hau da, 278,7 euro legazpiar bakoitzeko.
Biztanleko kopuru hori nabarmen igo da aurreko hamarkadan gizarte gastuetarako erabiltzen zenarekin alderatuta. 2015an, adibidez, legazpiar bakoitzeko 199,5 euro gastatu ziren. Ordutik progresiboki joan da igotzen kopurua, aurtengo 278,7 eurora iritsi arte. Ratioa % 40,7ko igo da bederatzi urtetan, eta biztanle gehiago dituzten inguruko udalerri batzuen pareko mailan jarri da horrekin Legazpi.
Aurten, igoera nabarmenak
Aurtengo aurrekontuetan, familian esku hartzeko programak % 67,5eko igoera izan du. Familiei psikologiaren eta prebentzioaren arloan laguntza handiagoa emateko da igoera hori, eta gizarte eragileak gazteen arazoen inguruan trebatzeko ere bai.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, berriz, % 7 baino gehiago igo dira, pertsonen eta familien gizarte bazterkeria edo zaurgarritasun energetikoko egoerak prebenitzeko eta arintzeko.
Bi proiektu garrantzitsu
Gizarte Zerbitzuen arloa, bestalde, bi proiektu garrantzitsutan murgilduta dago. Horietako bat, gizarteko hainbat sektoretako etxebizitza eta zaintza premiak identifikatzeko abian jarri zen parte hartze prozesua da. Duela bi hilabete jarri zen martxan, eta besteak beste, Ezkurrenean eman beharreko zerbitzuak definitzen lagunduko du.
Gizarte Zentroaren prestazioak hobetzeko helburua duen azterketa bat egitea da bigarren proiektua.