Pianoaz Gozatzen topaketa egingo dute piano ikasleek larunbatean Legazpin
Ekitaldia Latxartegin izango da, 09:30etik 14:00etara. Zumarragako, Eibarko, Elgetako, Elgoibarko eta Legazpi bertako 82 pianista elkartuko dira, eta tartean izango dira Doinua musika eskolako 18 ikasle gazte eta heldu.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 82 piano ikasle elkartuko dira larunbat goizean Latxartegi aretoan, Pianoaz Gozatzen topaketan parte hartzeko. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME), eta hainbat musika eskolek eta piano irakaslek antolatutako ekitaldia da, garai batean Andoainen egiten zen piano jaialdiaren jarraipena. Topaketaren helburua ikasleek pianoaz gozatzea eta elkartzea da.
Orain dela urte batzuk, pianoko ikasleek Andoaingo jaialdian parte hartzen zuten, baina hura egiteari utzi ziotenean, ikasleak elkartzeko beste bide batzuk bilatzen hasi ziren musika eskolak. Horrela, iaz Debagoieneko musika eskolek topaketa bat antolatu zuten Oñatin, eta 100 ikaslek hartu zuten parte.
Aurten, ikasleak eskualdeka elkartuko dira, eta zortzi herritan egingo dira topaketak: Azkoitian, Astigarragan, Bergaran, Durangon, Gasteizen, Lezon, Zarautzen eta Legazpin. Guztira 450 ikaslek parte hartuko dute.
Legazpiko topaketa
Legazpiko piano topaketa Doinua Musika eskolaren bidez, eta Legazpiko Udalaren babesarekin antolatu da. Latxartegi aretoan egingo da, 09:30etik 14:00etara, eta bertan 82 ikaslek parte hartuko dute. Piano topaketa guztietatik partaide gehien izango dituena da. Ekitaldia irekia eta doakoa izango da.
Zumarragako, Eibarko, Elgetako, Elgoibarko eta Legazpi bertako pianistak elkartuko dira Latxartegin, eta Doinuako 18 ikasle gazte eta heldu ere izango dira.
Topaketetan interpretatuko dituzten lanen artean euskarazkoak eta emakumeek sortutakoak izango dira batez ere.