Basotik Fundazioa aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Brinkolan
Basoen abandonuari aurre egiteko eta haien etorkizuna bermatzeko helburua du fundazio berriaren jardunak. Kontratu baten bidez, baso jabeek aldundiari uzten diote haien lursailen kudeaketa.
Legazpiko Brinkola auzoan berriki botatako pinudi batean aurkeztu zuen Basotik Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den asteko ostiral goizean. Eider Mendoza Diputatu Nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko zuzendari nagusiak parte hartu zuten aurkezpenean.
Fundazioari lurrak utzi dizkion Jose Mari Ibabe bergararren testigantza ere izan zen ekitaldian. «Orain arte nik kudeatu ditut nire basoak» azaldu zuen bertan, «baina lurrak kudeatuko dituen ondorengotzarik ez dudanez, Basotik Fundazioarengana jo dut».
Basoen abandonua
Hain zuen, Gipuzkoako basoen abandonuari aurre egiteko eta baso horien etorkizuna bermatzeko helburuz sortu da Basotik Fundazioa. Eider Mendoza Diputatu Nagusiak aurkezpenean nabarmendu zuen gaur egun basogintzak «oso egoera konplexua» bizi duela, «belaunaldien arteko errelebo faltak, lurrak lehen bezala zaintzen jarraitzeko ezintasunak, zuhaitzen gaixotasunak edo baso azaleran sastrakak handitzeak, horrek sute kopurua handitzeko dakarren arriskuarekin».
Horri aurre egiteko «Aldundiaren borondate irmoan» kokatzen da Basotik Fundazioa, «Europako herrialde aurreratuenen ereduetan oinarrituta» sortutakoa, «baina gure errealitatera egokituta».
Kudeaketa integrala
Basotik Fundazioa 2022an eratu zen, eta ordutik, 200 baso jabek baino gehiagok azaldu dute haien jabetzako 2.200 hektareatik gorako lursailen kudeaketa Aldundiari lagatzeko interesa. Gehienak, basoak kudeatzeko gai ez direlako edo nork kudeatu ez dutelako jo dute fundaziora, horrek eskaintzen dien formularekin alternatiba bat ikusten dutelako. Dagoeneko kontratu batzuk sinatu dira bi alderdien artean.
Ostolazak azaldu zuenez, fundazioak basoen zaintza eta kudeaketa lagatzea proposatzen die jabeei. Jabeek lursailaren jabetza mantentzen dute, eta urtean konpentsazio ekonomiko bat jasotzen dute. «Lursailen kudeaketa integrala eskaintzen zaie: landatzea, garbitzea, eraldatzea, merkaturatzea…».
Basotik Fundazioaren aurkezpenerako aukeratu zuten Brinkolako basoko jabeak ere proiektuari atxiki dira, eta fundazioari lagatako lursailean, paraje horretan oso ugaria den haritz kandugabea (Quercus Petraea) landatuko dute orain. Hain zuzen, espezie horretako lau landare aldatu zituen bertan Mendoza Diputatu Nagusiak Arrutik lagunduta, ekitaldi sinboliko batean.
Bi informazio saio Goierrin
Basotik Fundazioak informazio topaketak egingo ditu datozen asteetan Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta horietako bi Goierrin izango dira. Legazpin egingo dute bat, martxoaren 7an, 19:00etan, Agirre-Etxeberrin. Beasainen egingo da bigarrena, martxoaren 12an, 19:00etan Igartzan.