Azentzio jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa martxan dago
Kartelak martxoaren 8ko 14:00ak baino lehen aurkeztu behar dituzte parte hartu nahi dutenek, udaletxean, kultur etxean edo kultura@legorreta.eus helbide elektronikoan.
Aurtengo Legorretako Azintzio jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du udalak. Aukeratutako kartela herri jaietako egitarauko portada izango da. Adin nagusiko edozein legorretarrek parte har dezake. Kartelek derrigorrez Legorretako Azintzio Jaiak 2024 testua izan beharko dute.
Parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 8ko 14:00ak baino lehen aurkeztu behar dituzte proposamenak, udaletxean, kultur etxean edo kultura@legorreta.eus helbide elektronikoan. Egilearen nortasuna ez da adieraziko, eta atzealdean lema bat idatzi beharko da, euskaraz. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira. Irabazleak Aulia Sagardotegian bi lagunentzako afaria lortuko du.
Teknika librea izango da, formatu karratuan. Azintzio jaietako ezaugarriren bat izan beharko du proposamenak. Ez da hizkuntza eta irudi sexistarik onartuko eta genero berdintasuna sustatzen duten kartelak positiboki baloratuko dira. Erakusketa bat jarriko dute udaletxean jasotako kartelekin. Herritarrek bozka emango dute eta haiek aukeratuko dute zein den irabazlea.