CAFen gaur hasi dira Asturias eta Kantabriarako trenak eraikitzen
Duela urtebete konboien eta tunelen neurriarekin izan zen arazoaren ondoren, gaur hasi dira tren berriak eraikitzen. Hitzartutakoa baino zazpi tren gehiago egingo dituzte azkenean, guztira 38. Espainiar estatuko idazkari Jose Antonio Santanok fabrikazioaren hasierarekin lortutako mugarriaren garrantzia nabarmendu du.
Kantabriarako eta Asturiaserako hitzartutako aldiriko tren berriak, orain urtebete gertatu zen konboien eta tunelen neurrien arazoaren ondoren, astelehen honetan hasi dira eraikitzen Beasaingo CAF lantegian. Zabalera metrikoko lehen unitateak 2026 urtean hasiko dira iristen bi autonomia erkidegoetara, Garraio Ministerioaren aurreikuspenen arabera. Tren berriekin eraginkortasun energetikoa handitu nahi dute, eta tren zerbitzuaren fidagarritasuna eta irisgarritasuna hobetu.
Espainiar estatuko idazkaria Jose Antonio Santanok fabrikazioaren hasierarekin lortutako mugarriaren garrantzia azpimarratu du gaur Beasaingo CAF lantegira egindako bisitan. «Gure konpromisoaren, gure bultzadaren, inbertsioen eta beharrezkoak diren uneetan erabakiak hartzearen ondorioz, mugarri bat da», ziurtatu zuen. Bertan izan dira Adrian Barbon Asturiasko presidentea, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako presidentea, Iñaki Arriola Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio sailburua, Raul Blanco Renfeko presidentea eta Andres Arizkorreta CAFeko presidentea ere.
Prozesuan inplikatutako alderdi guztiek hartutako konpromisoa nabarmendu du Santanok. Izan ere, Renferen eta CAFen arteko akordio berri bat behar izan da Espainian lehen aldiz aplikatutako metodo konparatiboaren ondoriozko diseinua gauzatzeko. Horri esker, zabalera metrikoko linea guztietatik ibili ahal izango dira gaur eraikitzen hasi diren trenak.
Hasiera batean hitzartutakoa baino zazpi tren gehiago egingo dituzte azkenean, beraz, guztira 38 tren berri eraikiko dituzte CAFen.