Garaipenarekin hasi du Ampo Ordiziak bigarren itzulia
Avilesen jokatu zuen larunbatean, Pasek Belenos-en aurka. Bigarren zatian markagailua irauli eta 31-45 irabazi zuen partida Goierriko taldeak.
Ampo Ordiziak garaipenarekin ekin dio Ohorezko Mailako liga erregularreko bigarren itzuliari. Larunbatean jokatu zuen bigarren zati horretako lehen partida, Pasek Belenos taldearen aurka, Avilesen, eta partida estua izan zen arren, bigarren zatian markagailua irauli eta 31-45 irabaztea lortu zuen Goierriko taldeak.
Lehen itzulia ez zuen dinamika onarekin hasi taldeak emaitzei dagokienez, baina lehen itzuliko azken partidetan egoerari buelta eman zioten, eta bigarren itzulia ere modu onean hasi dute. Zazpi entsegurekin (horietako bost transformatuta) lortu zituen puntuak Ampo Ordiziak larunbatean. Atsedenaldira 24-14 emaitzarekin joan ziren, baina bigarren zatian entsegu bakarra lortu zuen aurkariak, eta aurrea hartu zuten goierritarrek, 31-45 azken emaitza lortu arte.
Hala, bigarren multzoko sailkapeneko lehen postuan dago orain Ampo Ordizia, 23 punturekin. Bigarren postuan dago Barça Rugby, puntu berdinekin, eta hirugarren postuan Complutense Cisneros, 20 punturekin. Playoff-ak jokatu ahal izateko, beheko multzoko sailkapeneko lehen bi postuetan (sailkapen orokorreko zazpigarren eta zortzigarren postuetan) bukatu beharko du Ampo Ordiziak bigarren itzulia. Lau partida geratzen zaizkie aurretik.
Hurrengo partida ere etxetik kanpo jokatuko du Ampo Ordiziak, martxoaren 9an, Les Abelles-en kontra.