Herriko lehen energia komunitatea sortu dute Legazpin
Udala ere bazkidea da, eta urte amaierarako martxan egotea aurreikusten da. Momentuz, udal eraikinen estalkiak utziko ditu komunitateko bazkideen kontsumorako energia sortuko dituzten plaka fotovoltaikoak instalatzeko.
Udaleko Garapen Iraunkorraren eta Trantsizio Energetikoaren alorrak bultzatuta, Legazpiko lehen tokiko energia komunitatea sortu dute (TEK), udala bera ere komunitateko bazkide dela. Mota honetako komunitateek bere energia propioa sortzen dute, bazkideek kontsumitzeko.
Hasteko, plaka fotovoltaikoak instalatzeko udal eraikinen estalkiak lagako ditu Udalak. Aurreikusitako eguzki instalazioetatik bi kilometrora dauden bizilagunek eta denda txikiek jaso ahal izango dituzte onurak. Hala, Gipuzkoan sortutako mota honetako energia komunitateek bezala, Legazpikoak aukera emango die bazkideei faktura elektrikoa gutxienez %25 merkatzeko, energia ekoizteko zentro handietatik energia hori garraiatzean izaten den eraginkortasun galera murriztu egiten delako.
Aurrerago beste energia berriztagarri mota batzuk instalatzeko aukera zabalik utzi da, entitate publiko edo pribatuekin dagozkien akordioak lortuta.
Urte amaierarako martxan
Legazpiko TEK irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta 2023ko abenduko udalbatzan onartutako estatutuen arabera arautuko da. Bazkideez osatuta egongo da, eta horiei edo bere eraginpeko eremuei ingurumen onurak, ekonomikoak edo sozialak emateko helburuarekin jardungo du, finantza irabaziak alboratuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen arabera sortu da. Lege horrek energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren proiektuetan herritarren parte hartzea sustatzea du helburu.
Hain zuzen, bidezko trantsizio energetikoa sustatzeko jarri du martxan udalak, eta urte honen amaieran martxan egotea aurreikusten da. Aldez aurretik herritarrei proiektua azaltzeko informazio saioak egingo ditu.
Joan den astean, Oscar Valbuena Garapen Jasangarriko eta Trantsizio Energetikoko zinegotziak eta Alonso Frances udal teknikariak TEK honen sorrera aurkeztu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Iraunkortasun Departamentuaren mende dagoen Naturklimaren Energia Eraldaketarako Bulegoari.