'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana, ostiralean, Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarretarekin
Sarrera batzuk geratzen dira oraindik salgai. Herri Antzokiko leihatilan eskuratu daitezke, edo online Kutxabank-en.
Antzerki Garaia zikloaren barruan, ostiralean, Postdatarik gabeko gutunak antzezlana izango da Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Kepa Errasti da lanaren egilea, eta Errasti bera da antzezlea Nerea Ariznabarretarekin batera. Getari Etxegaraik zuzendu du eta Iñigo Legorburuk egin ditu gutunak. Xake Produkzioak-en ekoizpena da.
Ekoiztetxearen hitzetan, “bakarrizketa lagundu bat” da antzezlana. Mikel (Kepa Errasti) da protagonista. Bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bati ekiteko. “Ordubete hau inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik. Eskutitz guztiek ezaugarri bera dute; postdataren lekua hutsik uzten du igorleak”. Charlotez jantzitako pianista baten (Nerea Ariznabarreta) laguntzarekin bere bizitzaren errepasoa egingo du, igorlea nor den jakin arte.
Ostiraleko emanaldirako sarrera batzuk geratzen dira oraindik salgai. Herri Antzokiko leihatilan eskuratu daitezke, edo online Kutxabank-en bidez.