Urola ibaiaren ertzean jarritako babes saretak lapurtu eta puskatu izana salatu du Eguzkik
Olaberriko eta Urola kaleko industrialdeetan izan dira gertaerak. Saretak berriz jartzeko eskatu dio Legazpiko Udalari talde ekologistak.
Legazpiko Olaberriko industrialdean ibai ertzean jarritako babes saretak lapurtu izana, eta Urola kaleko industrialdean beste sareta tarte baten aurka egindako bandalismo ekintzak salatu ditu Eguzki talde ekologistak.
Haizeak hondakinak ibaira eraman ez ditzan, 2021ean hasita Legazpiko Udala Urola eta haren ibaiadarren aldameneko baranden behealdean jarritako 170 zentimetroko luzerako eta 50 zentimetroko altuerako hamabost zati dira Olaberrian lapurtu dituztenak, Eguzkik jakinarazi duenez. “Ez zen lan zaila izango, bihurkin soil bat edukitzea nahikoa izan baita desmuntatu eta eramateko”.
Urola kaleko industrialdean, berriz, 200×40 zentimetroko zazpi zati falta dira; bi zatik lekuan bertan jarraitzen dute, mutur batean soldadura puntuei lotuta, eta beste muturra ibai aldera zintzilik dagoela. “Zalantzarik gabe, kasu honetan kolpeka eusteko puntuetatik kendu dituzte. Horregatik, bandalismo ekintza baten aurrean gaudela uste dugu. Litekeena da gainerako saretak Urola ibaira bota izana”.
Talde ekologistaren arabera, “tamalgarria da horrelako ekintzak egiteko gai diren pertsona arduragabe eta heldugabeak egotea, guztion ongia kaltetzea beste helbururik ez dutenak eta kasu honetan erakusten dutenez, gizarteari modu positiboan laguntzeko zailtasun handiak dituztenak”.
Gertakari horiek ingurumenaren aurkako erasoa izateaz gain, Udal Gobernuak eta oposizioko taldeek ibaiaren kalitate ekologikoa hobetzeko egindako lana mespretxatzen dutela salatu dute.
Eguzkik gertaera horiek salatzeaz gain, Legazpiko Udalari eskatu dio Urola kaleko industrialdean saretarik ez dagoen lekuan ibaian pilatu den zaborra biltzeko eta saretak berriro jartzeko. Olaberriko industrialdean saretak berriz jartzeko ere eskatu dio. eta “torlojuetako zuloak silikona puntu batzuekin zigilatzeko” proposatu dio, “bihurkin soil batekin berriro desmuntatzea eragozteko”.